Ehunmilak ultra trailean izena emateko epea bihar zabalduko dute
Goierriko bi haundiak eta Marimurumendi lasterketetako dortsalak ere banatuko dituzte. Ia 1.300 korrikalarirentzako tokia izango da, denera. Izen emateen prezioa %5 igo dute
Ehunmilak, G2Haundiak eta Marimurumendi lasterketetako izen ematea bihar zabalduko da, 17:00etan. Online egin beharko da izen ematea, azken urteetan bezala. Webgunea erori ez dadin G2H eta MMM probetarako ilara-birtual bat sortuko dute, horrenbeste korrikalari batera sartzean webgunea blokeatzeko arriskua gutxitzeko; Ehunmilak probarako modu zuzenean egingo dira tramitazioak.
Dortsal kopuruari eutsi egin diote. Ia 1.300 korrikalarirentzako tokia izango da, denera: Ehunmiletan 515, bai banaka zein taldeka; G2Hn, beste horrenbeste; eta MMMn, 265. Azken edizioetan G2Hko eta MMMko dortsalak egun bakarrean amaitu ziren, eta Ehunmiletkoak ere gertu ibili ziren. Antolatzaileek ez dute parte hartzaileen beherakadarik espero, nahiz eta mundu mailako beste lasterketa batzuen garai berean izan. Datak ere urterokoak izango dira, uztaileko bigarren asteburuan. 8, 9 eta 10 izango dira, zehazki.
Prezioen egokitzapena
Izen emateen prezioak %5 igo dituzte. Ehunmiletako hasierako prezioa 145 eurokoa izango da; G2Hkoa, 90 eurokoa; eta MMMkoa, 43 eurokoa. Antolakuntzak azaldu du urtetik urtera antolaketa handitzen joan dela eta korrikalariei eskaintzen zaizkien baliabideak ere gehituz joan direla, eta horri eusteko prezioak egokitu egin behar izan dituztela. 11 ediziotan prezioen bigarren gorakada da.
Araudia ere berritu dute. Aldaketa «txikiak» direla diote. Lasterketak bertan behera geratuz gero, dirua nola eta zenbat itzuli jaso dute araudian.