Elizegiberri etxea botata, aretoa eraikitzeko lekua libratu dute Olaberrian
Eraikin pasibo erako erabilera askotarako aretoa egin nahi du udalak haren tokian. EH Bilduk proposatu du ondare zaharraz botatzerako ikerketak egitea. Tabernatxiki ere esaten diote.
Orain astebete, azaroaren 3an hasi zen hondeamakina Olaberriko kaskoan zegoen Elizegiberri etxea botatzen. Herrigunean geratzen diren antzinako azken eraikinetakoa zen, Zezilioenea ostatuaren segidan eta San Joan elizaren barrenean kokatuta. Hango azken bizilaguna hil zenean, udalak erosi zuen etxea. Orube hartan, erabilera askotarako aretoa eraikiko dute, terraza baten azpialdean.
Herrigunean horren beharrezkotzat jotzen duten aretoak 215 metro koadro izango ditu. Passive house kontzeptuaren arauetara eraikiko dute, energetikoki geotermia bidez autohornituko dena. Udalak 500.000 euroko diru saila bereizi du.
Udala aspalditik ari zen kaskoan gune estali baten beharrari erantzuteko formula bila, eta Elizegiberriren eremuan izango du azkenean tokia. Olaberriko EH Bilduk ere iritzia eman du. «Aspalditik esaten ari ginen behar zela», azaldu du Aitor Urkiola zinegotziak.
Baina erabilera askotarako aretoaz gain, kaskoan «lokal txikiago bat» ere behar dela gaineratu du. «Askotan, neguan, guraso asko parkean egoten dira, hotzez, eta lokal duin bat ez dago. Lokal txikiago bat ere eskatzen genuen, arratsaldeetan biltzeko, kafea hartzeko, patata-tortilla batzuk hartu eta bertan gune bat izateko, bai edadekoentzako, eta bai gazteentzako. Ihurren badaude azpiegiturak, baina goian halako lokalik ez dago; Zezilionera joan beharra daukazu, edo elkartean sozio egin beharra dago», gehitu du Urkiolak.
Aurrez iritzia emateaz
Bestetik, passive house ziurtagiria lortu beharra dagoela gaineratu du erabilera askotako aretoarentzat. «Aldaketa klimatikoaren garaiotan, edozein eratakoa ezin da izan. Ziurtagiri bat lortu beharra dago, eta halako eraikin bat egitea bermatuko duen enpresa bat proposatu genuen udalean».
Alkateak, bere aldetik, eraikitzeko erritmoa etxe pasiboa egiteko ziurtagiriak lortzeak eta prozedurek markatuko dutela aurreratu zuen, uztailean. 2022an proiektuaren gauzapenari «aurrerapen handi bat» ematea da udalaren asmoa.
Udalaren zerbitzu teknikoek diseinatu dute aretoa, eta, EH Bilduren iritziz, beste modu batera garatzea nahiago zuten. «Diseinatu eta egiten hasi ordez, bilera ireki batzuk planteatzea proposatu genuen. Baita bi edo hiru modelo ezberdin jartzea ere, eta parte-hartze prozesutxo batean edo inkesten bidez aztertu. Baina ez du ematen egiteko asmoa dagoenik», dio Urkiolak.
Ondareaz ikerketa
Beste proposamen bat ere zabaldu du EH Bilduk zinegotzien artean: ondare arkitektonikoari edo materialari buruzko ikerketak burutzea. «Etxe bat bota dugu orain, 1996an justu etxe horren segidan zegoen Bikarioetxea, geratzen zen baserri izaerako etxe zahar bakarra zena, XVI. mendekoa. Edo 2000n udaletxea. Eskatu dugu elkarteren batekin egitea azterketa bat».
Elizegiberri etxea Tabernatxiki bezala ere ezagutzen zuten olaberritarrek. «Taberna txiki bat izango zen? Ostatu zahar bat? Alondegia edo ekonomato estilokoa? Horren inguruan ikerketatxo bat egitea beharrezko ikusten dugu, Aranzadirekin edo Ereiten-ekin egin, eta botatzerako jasota utzi nahi genuen», azaldu du Urkiola zinegotziak.