Jatorri ezberdinetako bizilagunak batzen
Goierrin, 60 inguru pertsonak eman dute izena eta bederatzi bazkari egingo dira .Helburu ugari ditu ekimenak baina norabide berean doaz guztiak; elkar ezagutu eta tabuak apurtzea. Ordizian hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Kohesio sozialaren, bizikidetzaren, parte-hartzearen eta diskriminaziorik ezaren alde lan egiteko ahaleginean, beste urte batez, SOS Arrazakeriaren bultzadarekin antolatzen den Bizilagunak izena daraman ekimenarekin bat egingo dute Goierrin. Igandean, hilak 14, izango da hori, pandemiaren ondorioz urtebeteko etenaldiaren ondoren. Aurtengorako, osasun testuingurua dela eta, ekimenaren bertsio berri bat proposatu dute; hala, etxeetan bazkariak egiteko aukeraz gain, parkeetan biltzeko aukera ere eman dute.
Euskal Herri osoan zehar zabaltzen den egitasmo honek, Goierrin ere elkartuko ditu jatorri desberdinetako pertsonak, mahai baten bueltan. Aurtengorako izena emateko epea itxita dago jada, eta bederatzi bazkari egingo dira, Goierri garaian eta behean banatuta. Ekimenean parte hartzen duten taldeak mota desberdinetakoak dira; batzuk familiak dira, beste batzuk, lagun taldeak, eta horiez gain, badaude elkar ezagutzen ez duten pertsonez osatutakoak ere.
COVID-19ak bere horretan jarraitzen duenez, aurten bi modalitateren artean hautatzeko aukera emango zaie parte hartzen duten familiei: beren etxeetan biltzea, ohi bezala, edo, nahiago badute, aire zabalean, parkeetan eta merendalekuetan.
Aurreko urteetan, harrera ona izan du ekimenak. 2019an egin zen azken edizioan adibidez, ehun bazkari baino gehiago izan zituen Euskal Herri osoan zehar, eta 35 nazionalitatetako 1.000 pertsona baino gehiago bildu zituen. Tartean, Goierriko hainbat herritan bazkaltzeko elkartzera animatu ziren jatorri desberdinetako bertako herritarrak ere, eta haien esanetan, «esperientzia oso polita eta aberasgarria da». Izan ere, «gure bizilagunak diren haiek ezagutzeko aukera ematen du, baita haien gastronomia ere».
Elkar ezagutu
Helburuak ugariak dira, baina guztiak norabide berean doaz: munduko hainbat lekutako bizilagunak elkartuko ditu eta elkarreragiteko aukerak erraztera bideratutako ekimena da; gizartearen kultura-aniztasuna ospatuko dute; harrera hobetzeko eta estereotipoak indargabetzeko modu bat da, hainbat kulturatako jatorrizko pertsonen artean loturak sortuz, herritarren pertzepzioak, jarrerak eta jokabideak aldatzeko helburuarekin.
Ongi etorri Ordiziara
Ongi etorri Ordiziara! programako saioak martxan daude jada. Abenduaren 17ra bitartean egingo dituzte. Saio hauen helburua da, Ordiziara bizitzera etorri diren beste toki batzuetako herritarrei, bidea erraztea. Horretarako, udaleko hainbat sailetako informazioa eta eskaintzaren berri izango dute, norberak bere egunerokoan baliagarri izan dezakeena. Iragan astean egin zuten lehen saioa, eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak egin zien saioan parte hartu zutenei harrera.
Munduko jantziak
Bestalde, asteburuan, munduko jantzien desfilea egin zuten Ordiziako Plaza Nagusian, Kultur arteko bosgarren topaketaren barruan. Ekitaldi berezi eta koloretsua izan zen, eta partaideek «primeran pasa» zutela aitortu dute. «Oso ongi pasa genuen!».
Munduko herrialde desberdinetatik etorritako ordiziarrek, jaioterriko jantzi tradizionalak jantzi eta plazan jarri zuten pasarelan erakutsi zituzten. Bolivia, Nikaragua, Errumania, Senegal, Ecuador, Txile, eta Euskal Herriko jantzien arropak erakutsi zituzten.
Gainera, herrialde horietako musika eta dantzen erakustaldi txiki bat ere egin zuten.
Ordiziako bosgarren kulturen arteko topaketak, hilabetez iraun du eta egitarau oparoa ekarri du: ipuin kontaketak, kontzertuak, mahai-inguruak,… Aurtengo edizioari, igandean emango diote amaiera, hain zuzen ere, Bizilagunak ekimenarekin.