«‘Zutik!’ animaziozko pelikula dibertigarria izatea nahi nuen»
Iker Alvarezek (Urretxu, 1976) 20 urte baino gehiago daramatza animazioaren munduan lanean. Hilaren 20an Legazpin emango duten ‘Zutik!’ pelikula zuzendu du.
Ze ikasketa egin zenituen?
Irudia eta Soinua ikasi nuen. Ondoren, zine eta 3D animazio ikasketak egin nituen. Zinea gustuko nuen, baina zaila iruditzen zitzaidan horretan lan egitea.
Zinea betidanik al duzu gustuko?
Bai. Beti pelikula asko ikusi ditut eta fanatiko samarra naiz. Horregatik erabaki nuen zinea ikastea. 2000. urtean, Donostian, 3D animazio ikastaro baten iragarkia ikusi nuen eta egitea erabaki nuen. Garai hartan, 3D animazioa kontu berria zen eta etorkizuna izango zuela pentsatu nuen.
Zeintzuk izan ziren zure lehen pausoak zine munduan?
Zine ikasketak bukatu nituenean, Ione, sube al cielo pelikulan parte hartu nuen, aktore bezala. Nire lehen filmatzea izan zen eta zinea barrutik ezagutzeko aukera eduki nuen. Baina aktoreen munduan lehia handiagoa dago eta, gainera, ez nuen nire burua kamera aurrean ikusten.
Ordutik, nondik nora ibili zara lanean?
Ia 20 urte daramatzat dagoeneko animazio munduan. Animatzaile, layout (animazioko kamera-gizona) eta animazio zuzendari bezala, hamabi pelikulatan eta hiruzpalau serietan lan egin dut: Betizu, Olentzero, Yoko, Talking Tom and friends, The Treasure Trekkers, Pos eso… Azken hau oso polita izan zen, stop-motion teknikarekin eta plastilinarekin egin baikenuen. Pelikula guztiak Euskal Herrian egin ditut, baina serietako bat Kanaria Uharteetan egin nuen.
Zer diozu ‘Zutik!’ pelikulari buruz?
Duela bi urte eta erdi koprodukzio hau zuzentzea proposatu zidaten eta baiezkoa eman nuen. Hau da zuzendu dudan lehen pelikula. Mexiko, Brasil eta Perurekin egindako koprodukzioa da.
Pelikula bat zuzentzea aurrerapausoa da. Nolatan suertatu zaizu aukera hori?
Baleukon lan egin nuen, urte askotan. Zutik! zuzentzeko pelikula askotan lan egin duen norbait behar zuten. Eta etxekoa. Izan ere, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez lan egin dugu.
Zer nolako esperientzia izan da?
Ona, baina baita gogorra ere. Izan ere, pandemiak harrapatu gintuen. Estudiotik lan egitetik etxetik lan egitera pasa ginen eta horrek tentsioa sortu zuen. Baina moldatu ginen. Gainera, zuzendariak jende askorekin egon beharra du eta arazo asko konpondu behar ditu. Ikuspuntu ezberdinak aztertu behar ditu eta ideia onenak hartu.
Zer diozu pelikulari buruz?
Dibertigarria izatea nahi nuen. Cartoon puntua izatea. Musikari dagokionez, hemengo pelikuletan musika orkestratua erabili izan da eta oraingoan beste musika mota batzuk erabili ditugu: soul eta funky erritmoak, adibidez. Musika asko gustatzen zaidanez [The Hot Dogs eta The Northagirres taldeetako kidea izan zen], musikaren oso gainean egon naiz. Musika originala konposatu duen Silvia San Miguelekin harreman estua izan dut. Musikaria naizenez, hizkuntza bera hitz egiten dugu eta oso ondo moldatu gara. Aurrekontu aldetik pelikula txikia da eta superprodukzioak ikustera ohituta gaude. Horrekin borrokatu beharra dugu beti. Istorioak diru gutxirekin kontatzen jakin behar dugu eta horrek sormena eta irudimena lantzera bultzatzen gaitu.
Haurrentzako pelikuletan parte hartu al duzu beti?
Bai. Animaziozko pelikula ia guztiak haurrentzat izaten dira. Hala ez izatea gustatuko litzaidake, baina helduentzako animazioak arrisku gehiago ditu eta ekoizleek ez dute dirua behar baino gehiago arriskatu nahi.
Nola dago animazioaren industria Euskal Herrian?
Egoera ez da erraza. Aukera gutxi daude. Laguntzak ez dira handiak. Ez da animazio zinearen aldeko apustua egin eta, gainera, indarra galdu du. Nafarroan, Kanaria Uharteetan… geroz eta produkzio gehiago egin dira eta EAE atzean gelditu da. Jende asko kanpora joan behar izan da lanera. Ni ere joan behar izan nintzen eta berriro tokatzen bazait berriro joan beharko naiz. Egia esan, kanpoan asko ikasten da. Dena den, gobernuak eta EITBk apustu handiagoa egin beharko lukete. Enpresa handietan lan egiten duten profesional handiak ditugu. Ez dut ulertzen zergatik ez duten animazioa gehiago laguntzen. Beste toki batzuetan serie eta pelikula asko egiten ari dira eta emaitza ekonomiko onak lortzen ari dira.
Zein da zure ametsetako proiektua?
Euskal Herrian kokatutako western bat egingo nuke. Gure paisaiekin, janzkerarekin, musika instrumentuekin eta kulturarekin. XIX. mendean girotua, Iparragirreren garaian. Animazioa eta zine tradizionala uztartuko nituzke. Hemengo paisaiak eta baserriak western baterako egokiak direla iruditzen zait.