2.000 milioitik gorako salmentak izan ditu eta ia 10.000 milioi euroko eskari-zorroa du. Gehiengoa tren arlokoa da
CAFek 59 milioi euro garbi irabazi ditu urteko hirugarren hiruhilekoaren igaro berritan. Pandemiak eragindako krisiaren aurretik zuen errentagarritasun-maila gainditu du, hala. Iaz, epe berean, Beasaingo multinazionalak 20 milioiko galerak izan zituen.
2.000 milioitik gorako salmentak izan ditu. Iazko urriaren 1era arteko salmentakin alderatuta %12-ko hazkundea izan du. Trenen salmentatik lortzen ditu hamar eurotik zortzi. Solarisek pisu apur bat galdu du, nahiz eta inoiz baino gehiago saldu duen.
Eskari zorroari dagokionez ia 10.000 milioi eurokoa du. Zehazki, 9.738 milioikoa. Urte hasieran baino 931 milioi baino gehiago da hori. Trenen eta autobusen eskari zorroak egin dute gora, biek. 9.008 milioi trenbide-banaketari dagozkio eta beste 730 milioi Poloniako Solaris filialaren autobus-negozioari. Zifra horiek ez dute finkatzen Egipton duela gutxi Kairoko metroaren 1. lineako trenak birgaitzeko lortu den 180 milioiko kontratua.