Antzizarren dute Gipuzkoako aizkolari onenek hitzordua
Antzizar kiroldegian jokatuko da 28. Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa nagusia, etzi, 12:00etan. Iñaki Azurmendi izango da lehian arituko den goierritar bakarra. Gipuzkoako txapeldun sei bider izan den arren, zaila izango du zazpigarrena bereganatzea.
Mikel Larrañaga da faborito. Duela hamabost egun Euskal Herriko txapelketako finalaurrekoa minutu bat baino gehiagogatik irabazi zuen. Julen Alberdi, Ugaitz Mugertza, Jesus Mari Mujika eta Eneko Otaño izango dira gainerako aizkolariak. Kanaerdiko lau enbor, 60 ontzako beste lau eta oinbiko bi moztu beharko dituzte. Azkarren egiten duenak irabaziko du txapela.
Denbora azkarrak espero dira. Anjel Arrospidek du errekorra. Bera da 25 minututatik jaistea lortu duen bakarra.
Beasaingo, aurrena
Gipuzkoako Aizkolari Txapelketak eta Goierrik lotura estua dute. Urretxun jokatu zen lehen txapela, 1990. urtean. Bertan beste hiru aldiz jokatu da txapelketa harrezkeroztik. Goierrin finalik ez dela ia 20 urte dira. Beasainen jokatzen den lehen aldia izango da.