Baratzeko eta soroko haziak trukatuko dituzte bihar Zaldibian
Zapiak Bat elkarteak antolatu du ekimena, 'Azaroa, hazi aroa' lemapean. Zaldibiako plazan elkartuko dira, 11:00etan.
Azaroa, hazi aroa lelopean, hazien trukea egingo dute bihar Zaldibian. Zapiak Bat elkarteak antolatu du ekimena, elikadura subirautzaren bidean, hazietatik hasteak duen garrantzia, bertako espezieei eustea eta truke ohitura berreskuratzea jarri dituzte ideiaren oinarrian.
Baratzerako edo sororako haziak elkarrekin trukatzea da helburua. 11:00etan Zaldibiako plazan jarri dute hitzordua. Norberak daukanetik eman, eta ez dauzkanak lortzeko aukera izango da, beti ere truke bidez. Parte-hartzaileen artean bertako produktuen saskikada bat zotz egingo dute.
Baratzeetan normalean erabiltzen diren haziak eraman daitezke: tomate, piper, kuia, leka, babarrun, baba, ilar, arto… Edozein hazi mota. Elikadura-autonomiaren eta elikagaiak lortzeko ziklo osoa kontrolatzearen garrantzia bistarazi nahi dute.
Zaldibian deialdia
Zapiak Bat elkartekoek irailaren hasieran zabaldu zuten biharko hazi trukearen aurkezpena eta deialdia, Zaldibiako etxeetan. Haziak gordetzeko eskatu zieten baserritarrei edo baratzezainei.
Ideiak berritik ezer ez duela aitortu dute bultzatzaileek; baserrietan betidanik egin den lana, hazia bereizi eta hurrengo uztarako gordetzea, plazara eramatea eta berriz indartzea bakarrik. Salerosketa aparte utzi, eta trukearen sistema hartu dute.