Berotegi efektua sortzen duten gasak murrizten ikasteko erakusketa, Goierrin
Goieki Goierriko Garapen Agentziak antolatu du erakusketa, Laia Ingurumen Zerbitzuekin elkarlanean. Goierriko Energia Plana du oinarrian. Klima aldaketaren aurkako borrokan, norbanakoaren konpromisoa bistaratu du.
Gaur amaituko da, Glasgown (Eskozia), munduko agintariek klima aldaketari aurre egiteko antolatu duten COP26 goi bilera. Arazoa orokorra da, mundu guztiari eragiten diona, eta, horregatik, adituek azpimarratzen dutenez, ezinbestekoa da tokian-tokian neurriak hartuz joatea, baldin eta planetaren iraupena bermatu nahi bada. Horren jakitun, Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin izeneko erakusketa ibiltaria ikusgai dago Goierriko herririk gehienetan; Ordizian, Olaberrian, Lazkaon, Beasainen, Ataunen, Legorretan eta Itsasondon izan da dagoeneko, eta Ormaiztegira, Mutiloara, Zegamara, Segurara eta Idiazabalera iritsiko da datozen asteetan. Erakusketaren helburua da berotegi efektua sortzen duten gasak nola murriztu daitezkeen azaltzea.
Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak antolatu du erakusketa, Beasaingo Laia Ingurumen Zerbitzuekin elkarlanean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko departamentuaren diru laguntza jaso du. Leire Garmendia Laiako teknikariak azaldu duenez, “Goierriko Energia Planaren testuinguruan” sortu dute erakusketa, eta, gas isuriak murriztu ahal izateko aholkuak ematearekin batera, plana bera “modu sinplean” azaltzeko ere baliatu nahi dute egitasmoa.
Goierriko Energia Planean jasotzen denaren arabera, sektore guztietan hartu behar dira klima aldaketari aurre egiteko neurriak. “Administrazioak asko dauka egiteko, baina norbanakoen esku ere badago, uste baino gehiago, gainera”, ohartarazi du Garmendiak. Goierriko udal gehienek hartuak dituzte klima aldaketari aurre egiteko hainbat konpromiso: jabetzan dituzten eraikinetan azterketa energetikoak egitea, kontsumoa monitorizatzea eta kaleko argiteria led sistemara aldatzea, esaterako. Indarrean dauden mugikortasun ereduak klima aldaketarekin zuzenean lotuta daude, eta, Garmendiaren ustez, horregatik, etorkizunean beharrezkoa izango da mugitzeko modu iraunkorragoak lehenestea: “Bidegorri sare egokiak egin behar dira horretarako, garraio publiko eraginkorragoak eskaini, eta bertako produktuen kontsumoa bultzatu”.
Energia plana oinarrian
Garmendiak azpimarratu duenez, “egunerokoan ohiturak aldatzea” ere lagungarria da borroka horretan, “etxea berotzeko orduan zentzuz jokatuz, ur beroa neurrian erabiliz eta ibilgailuen erabileraz kontzientzia hartuz”.
Lurreko tenperatura gradu bat igo da XX. mende erdialdetik gaur egunera arte. “Gutxi iruditu arren, asko da, eta horren ondorioak nabarmenak dira dagoeneko”, esan du Laiako teknikariak. Glasgown bezala, aurretik Parisen eta Erroman egin zituzten goi bileretan herrialde gehienek konpromisoa hartu zuten mende amaierara bitartean lurreko tenperatura gehienez 1,5-2 gradu igotzeko. “Baina konpromiso horiek ez dira betetzen ari, atzetik beste hainbat interes daudelako”. Klima aldaketari aurre hartzeak “egungo sistema kapitalista iraultzea” dakar, Garmendiaren hitzetan. “Kontsumoa zentzu guztietan murriztu beharko litzateke, ez energetikoa soilik. Gaien kontsumoaren inguruko hausnarketa bat egin beharko litzateke, mugikortasun eredua aldatu… Baina atzean dauden interesak handiagoak dira”.
Hain zuzen, adituen hitzetan, atmosferara isurtzen diren gasak dira klima aldaketaren erantzule nagusiak, eta horiek murriztea da lurreko tenperaturaren igoera gelditzeko modu bakarra. “Gipuzkoako gas isuri guztien %42 garraioak eragindakoa da. Baina ez dugu ahaztu behar hein handi batean kontsumoak bultzatuta gertatzen dela hori”, azpimarratu du Laiako teknikariak. 2019an publiko egindako datuen arabera, Txinak sortzen du mundu osoko isurketen %27; AEBek %11; Indiak %6,6, eta Europako Batasuna osatzen duten herrialdeek %6,4″.
Konpromiso falta
Goi bileretan agintariek hartutako konpromisoak hor daudela esan du Garmendiak, baina errealitatea “bestelakoa” dela: “Oraindik orain, isurketak goraka doaz beheraka joan beharrean. Paperak dena onartzen du, baina, errealitateak erakusten duenez, hartutako konpromisoak ez dira betetzen ari”. Nahiz eta arazoa mundu osokoa izan, gaiaren aurrean herrialde bakoitzak duen konpromiso maila ezberdina da, Laiako kidearen hitzetan. “Oso esanguratsua da Glasgowko goi bileran Txina, Brasil eta Errusia ez egotea. Ez daude, eta, gainera, ez daukate inolako akordiorik sinatzeko asmorik. Txinak, adibidez, esana du 2030era arte nahi beste isuriko duela, eta ondoren hartuko dituela neurriak”.
Garmendiak zehaztu du batzuek ukatzen duten arren, klima aldaketa gertatzen ari dela dagoeneko, eta, bide beretik jarraituz gero, adituek hainbat agertoki aurreikusita dituztela etorkizunerako: “Lurreko tenperatura berotzearen eraginez euriteak epe motzetan pilatzea, bero bolada handiak izatea eta muturreko meteorologiak gertatzea. Landaredia ere aldatuz joango da, eta izurriteak eta lehorteak gertatuko dira”.
Garmendiaren ustez, ezin da denborarik galdu; ekintzetara igarotzeko garaia da. “Gure eskura dagoen guztia egin beharra daukagu. Ezin gara egon goi bilera horietan esaten dutenaren zain. Norberak bere neurrian eta bere ahalmenen arabera konpromisoak hartu behar ditu”.
Goierriko Energia Mahaia: eredu jasangarriagoen aldeko apustua
Goierrin, beste eredu energetiko baterako trantsizioa gauzatzeko bidean, Goierriko Energia Mahaia sortu zuten 2017an, Goieki Goierriko Garapen Agentziaren barruan. Eskualdeko hemezortzi udalerrik osatzen dute Goierriko Energia Mahai hori. Maialen Sanchez Goiekiko ekintzailetza eta proiektuen kudeaketa arloetako teknikariak azaldu duenez, “CO2 gutxiago emitituko duen eredu energetiko berria bultzatzea” da helburua, “eraginkorra, berriztagarria eta iraunkorra izango dena”.
Goierri eskualdearen diagnostikoa egiteaz gain, hurrengo zazpi urteetarako lerro estrategikoak eta ekintza zehatzak finkatu zituzten duela lau urte egindako proiektuarekin. “Administrazio publikoaren kudeaketa jasangarria egin, eskualdeko sare industrial eraginkor eta lehiakorra bultzatu, eta sentsibilizazioa eta formakuntza sustatzeko konpromisoa hartu genuen”, dio Sanchezek.
Konpromiso falta
Hasierako helburuak beteta, azken urteotako “balorazio positiboa” egin du Energia Mahaiak, oraindik ere “lan asko” egiteko dagoela aitortu arren. 2018-2025 urteetarako egindako Goierriko Energia Plana berrikusi dute aurten, “COVID-19ak eragindako krisi sozioekonomikoagatik, besteak beste, udalen eta gizartearen egoera asko aldatu delako”.
Aurten garatzeko ekintza plana aurkeztu berri dute orain. Plan horren barruan egin dute Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin erakusketa, batetik, eta eskualdeko pobrezia energetikoaren inguruko azterketa bat, bestetik. Horrez gain, udaletan energiaren monitorizazioa lortzeko baliabideak ere jarriko dituzte.