Zilarrezko Euskadi saria irabazi du Amaia Telleriak
'Haize-lekuak' bere lehen eleberriari eman diote saria Gipuzkoako liburu saltzaileek.
Amaia Telleria idazle idiazabaldarrak irabazi du Zilarrezko Euskadi saria. Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak ematen du urtero sari hori, eta aurten Telleriaren ‘Haize-lekuak’ nobelarentzat izan da. 13 urteko Mikela gaztea da eleberriko protagonista. Altsasura neskame joan eta Gerra Zibilak eragindakoak ezagutuko ditu. Iazko ekainean eleberriaren aurkezpenean Telleriak azaldu zuenez, «ez da Gerra Zibilari buruzko eleberri bat, baizik eta egoera zail horretan aurrera atera beharra daukan familia eta, bereziki, neskato bati buruzkoa. Kontraste izugarria egiten du gerraren atzeko oihalak –batzuetan aurreneko planora ere pasatzen denak– eta neskatoaren bizi-egarriak, bizitzeko grinak». Bere amonaren umetako oroitzapenetan oinarritu da kontakizuna osatzeko.
Gaztelaniazko saria, berriz, Jon Bilbao Ribadesella idazlearentzat izan da, ‘Basilisco’ lanarengatik. Kaliforniara ingeniari doan gazte bat du protagonista liburuak.