Bertsoak adinekoen egoitzetan
Aldundiak eta Lankuk martxan jarritako Adin Adin programaren barruan, bertso saio bana egingo dute Lazkaoko, Legazpiko eta Segurako adinekoen egoitzetan.
Bertsoetarako zaletasunak ez du adin mugarik, baina askotan, adinekoei zaila egiten zaie bertso-saioetara gerturatzea. Hori dela eta, bertso-saioak adinekoei eurei gerturatzea erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, Adin Adin programaren bitartez. Aste honetan hasi eta abenduaren 2ra bitartean, 15 bertso saio egingo dituzte, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Horietako hiru, Goierrin izango dira.
Aurrenekoa asteazken honetan bertan egingo dute, Lazkaoko Txindoki egoitzan. Maddi Aiestaran eta Andoni Egaña ariko dira kantuan. Hilaren 29an, Legazpiko Santikutz egoitzaren txanda izango da, Ane Beloki eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin. Eta azkenik, 30ean, Oihana Iguaran eta Andoni Egaña ariko dira, Segurako San Juan egoitzan.
Pandemiak eraginda, 2020an ezin izan zituzten saioak antolatu, momentuko segurtasun eta osasun neurriak medio. Aurten, ordea, egoera bestelakoa da, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez: “egoiliarrek txertoaren hirugarren dosia jasota dutela eta egoera epidemiologikoa iazkoa baino nabarmen hobea den honetan, bertso saioei berriro ekitea erabaki dugu”.
Peñaren arabera, Adin Adin proiektua “Urtez urte proiektua hazten” ari da, eta aurten guztira 15 saio antolatu dituzte. Bertso saio hauek duten “garrantzia eta onura” azpimarratu ditu diputatuak, emozioetara iristen den tresna baita bertsoa.
Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara iritsarazten da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Peñak. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” goraipatu du diputatuak.