CAFek Orbital osorik erosi du
2018an, lehen akzio erosketa egin zuen, eta, orain, guztiak bereganatu ditu. Trengintzarako eta sektore aeroespazialerako sistema kritikoak diseinatzen ditu Orbitalek
CAFek Nafarroako Orbital Critical Systems enpresa osorik erosi du. Duela hiru urte akzioen zati bat erosi zuenean hasitako prozesua osatu du, hala. Erosketaren zenbatekoak ez dituzte jakinarazi.
Orbitalek ere trenen sektorean egiten du lan, trenetako seinaleztapen arloan. Halere, hasierako urteetan sektore aeronautikoak garatu zuen bere jarduna. 2008an sortu zen enpresa. CAFek eta Orbitalek harreman estua zuten, Beasaingo multinazionala bere bezero nagusietako bat baitzen. Enpresa nafarrak 100 ingeniari inguru ditu eta urteko fakturazioa 6 milioi euro baino gehiagokoa da.
CAFek bi aldeentzako erabaki onuragarria izango dela esan du. Epe ertain eta luzera potentzial “oso handia” duen sektorean “modu erabakigarrian” posizionatu direla zehaztu dute. Gainera, elkarren arteko lankidetzari esker jarduera-ildo berriak ireki dituztela gogorarazi du: aireko eta espazioko sektoreetako teknologia aurreratuenak trenen sektorea aplikatzeko aukerak sortu ditu.
Orbitalek Berriobeitin (Nafarroan) du egoitza nagusia, eta Espainian eta Alemanian beste egoitza batzuk ere baditu.