«Garaipena ez dakit, baina espero nuen lehenengo postuaren borrokan izatea»
Behobia-Donostia lasterketaren 56. edizioa irabazi du Eneko Agirrezabal segurarrak, 1:01:43 denborarekin. Garaipenarekin, pozik, Valentziako maratoian du orain burua
Behobian garaipena lortu duzula orduak pasa dira. Ospatzeko eta deskantsatzeko denborarik eman dizu? Telefonoa ere, seguru, sutan duzula…
Igandean, familiarekin eta lagunekin ospatu nuen. Pixka bat deskantsatzeko aukera ere izan dut. Eta bai, telefonoa jo eta jo egon da igandetik; zoriontzeko, elkarrizketak egiteko…
Igandeko lasterketa, zirraragarria izan zen. Lasterketa buruan jarri zinen, beste hiru lasterkarirekin, faboritoak denak. Helmugara iristeko kilometro baten faltan, erasora jo zuen Olmosek, baina harrapatu eta azken metroetan, zu jarri zinen aurretik. Nola bizi izan zenuen zuk?
Kanpotik agian bai, emozionantea da, baina barrutik, oso kontzentratuta nindoan, eta urduri, esprintaren aurretik. Azkeneko metroetan, aurretik jarri nintzenean, momenturen batean oroitzen dut atzera begiratu nuela, baina helmuga baino ez nuen buruan. Luze egin zitzaizkidan azken metroak. Eta behin igaro nuela, orduan hasi nintzen disfrutatzen.
Ez da Behobian parte hartzen duzun lehen aldia, baina bai irabazten duzun lehena. Espero zenuen?
Espero espero, ez dakit, baina lehengo postuaren borrokan egongo nintzela bai. Banekien proba irabazteko aukerak zituztenak nortzuk ziren, eta antzeko mailan geundela. Kontua zen, hankak ondo erantzutea, uda partean minarekin ibili bainaiz, baina bestela, formaz-eta, oso ondo iritsi nintzen, ondo entrenatuta.
Denborarekin gustura?
Behobian denborari baino postuari begiratzen diot, lasterketa berezi xamarra delako; aldapak, eta eguraldiak-eta, asko baldintzatzen dute.
Partaidetza, beste behin ere, oso altua izan da. 20.141 lasterkari. Hainbesteren artean irabazteak, zer sortzen dizu?
Lasterketan zaudenean, horretan ez zara gehiegi fijatzen, baina bai, polita da hainbeste jendek parte hartzea, lasterketarentzat ona da.
Txindoki Atletismo Taldeko elastikoa jantzita egin zenuen proba. Klubarentzat ere ohorea izango da hori, ala?
Uste dut, klubarentzat oso polita dela. Gainera, Txindoki taldetik jende asko joaten da Behobiara. Hemengo lasterketa herrikoien artean, garrantzitsuenetakoa izanda, nik uste, jendea pozik zegoela. Eta gazteenei begira, uste dut ondo datorrela; ilusioa sortzeko eta atletismoari indarra eta ikusgarritasuna emateko.
Eta orain, non duzu jarrita burua?
Abenduaren 5ean, Valentziako maratoia egingo dut. Azken hilabeteetako prestaketa lana, horri begira egin dut, baita Behobian parte hartu izana ere.
Lehendik ere ezagun duzu Valentziako maratoia. Zein da zure helburua?
Aurtengoarekin, laugarrena izango da, eta helburua da, aurreko marka hobetzea, 2:13:51ko denboratik jaistea, alegia.
Horrekin amaituko duzu urtea?
Ondoren, deskantsatu, eta pentsatzen dut, San Silvestre proban aterako naizela, beste urte batzuetan bezala.