Gazteluko pistan oztopo-harriak mugitu dituztela salatu du udalak
Herri «denona» dela gogorarazi du udalak, eta gertaera horrek «ondorioak» izango dituela. Harriak atzera ere lehengo lekuan jarri dituzte.
Zaldibiak Gaztelu mendi aldean dituen herri lurretara iristeko pistan, motordun ibilgailuei pasoa mozteko jarrita zeuden oztopoak kendu dituztela salatu du udalak publikoki. Gaur zortzi, lehengo asteartean jakin zuten pistatik mendirantz sartzea eragozten zuten bi harri potorrak tokitik mugituta eta bertan bazterreratuta zeudela.
Egun horretan bertan erabaki zuen udalak atzera harriak bere lekuan jartzea, eta dagoeneko kokatuta daudela jakinarazi zuen ostiralean.
Gertaera hori salatu du, herri mendia «denona» dela argudiatuta. Harriak jartzea udalaren Lehen Sektoreko lan-arloan erabaki zela gogorarazi du. «Aldebakarreko ekintza honek hori guztia hankaz gora jartzen du eta horregatik ondorioak izango ditu», azaldu du udalak.