Jaurlaritzak neurriak zorrozteko deia egin du 150etik gorako tasa duten herrietan
Egoerari buelta emateko neurriak hartzea ezinbestekoa dela azaldu du Gotzone Sagardui sailburuak. Udalen esku utzi dute prebentzio neurriak bete ezin diren ekitaldiak atzeratu edo bertan behera uztea. Goierriko 14 herriri eragingo die aginduak.
“Ez goaz ondo eta neurriak indartu behar ditugu egoerari buelta emateko eta atzera ez egiteko”. Hitz horiekin hasi du Gotzone Sagardui osasun sailburuak, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri berriak iragartzeko agerraldia. Birusaren transmisio maila, une honetan, altua dela gogorarazi du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen 196,25eko eragin tasa “erne egoteko modukoa” dela. Gainera, datozen egunetarako prebisioa “hazten jarraitzekoa” dela gehitu du. Jaurlaritzaren agindua, bihartik aurrera sartuko da indarrean.
Ospitaleetako presioa oraindik ez da aurreko beste olatu batzuetako mailara iritsi, baina “erne” egon behar dela azaldu du, “badakigulako inpaktu hori berantiarragoa” izaten dela. Egun, 116 lagun daude ingresatuta, eta 27 ZIUn.
Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurrien berri eman du. Hiru lurraldeetako udal guztiei dei egin diete “2020ko urriaren 6ko dekretuan ezarritako prebentzio neurriak bermatu ezin diren jarduerak eta ekitaldiak bertan behera utzi edo atzeratu” ditzaten, eta era berean, jende pilaketak ekiditeko beharrezko neurriak indartzeko eskatu diete. Antolatzen diren ekitaldiak, ahal dela aire librean egiteko eskatu dute, beti ere, neurriak zorroztuta: jendearen arteko espazioak handitu, pasabideak egokitu eta jan/edanen kontsumorako guneak mugatu.
Neurri horiek 150etik gorako eragin tasa duten udalerrietan aplikatuko lirateke. Goierriri dagokionean, 22tik 14 herri leudeke egoera horretan; beraz, eskualdeko herririk gehienei eragingo lieke. 150eko tasatik behera, eta horrenbestez neurri horiek betetzeko beharrik gabe, Altzaga, Arama, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Mutiloa eta Zerain geldituko lirateke.
Covid ziurtagiria
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eskaria egin dio Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiari, jarduera jakin batzuetan, barez ere gaueko aisialdiari dagozkionetan, Covid ziurtagiria eskatzeko aukera eman dezan. Batez ere kontzertuei eta areto handietan egiten diren jan/edaneko ekitaldiei begira hartu nahi lukete neurri hori, egoera horietan aerosolen transmisio handiagoa ematen delako.
Bestalde, gaurtik aurrera, Osasun Sailak astean bitan argitaratuko du koronabirusaren datuen inguruko buletina, astelehenetan eta ostegunetan. Pandemiaren garapena hobeto neurtzeko eta herritarren kontzientziazioa bultzatzeko balioko du horrek, sailburuaren ustez.