Mikel Urdangarinek Beauvoirren eskutik heldu die gaur egungo zalantzei
'Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza' liburua aurkeztu zuen atzo. Bere lehen liburua da. Master amaierako lanaren jarraipena du
Mikel Urdangarin Irastorzak Simone de Beauvoir, norbanakoa eta burujabetza saiakera aurkeztu zuen atzo, Donostiako liburutegi nagusian. Idazle, filosofo eta feminista frantziarraren Bigarren sexua lana oinarri hartuta beasaindarrak bere inguruan sumatzen dituen kezkak eta galderak erantzun ditu, duela 72 urte argitaratu arren gaurkotasunarekin lotura estua duela uste duelako: “Beauvoir nire birramona guztiak baino zertxobait zaharragoa zen. Baina uste dut nire birramonen eta birraitonen egoera ulertzeko ez ezik, beraien seme alaben, iloben eta birbiloben egoera ulertzeko ere oso klabe interesgarriak eskaintzen dituela”. Filosofiaren eta feminismoaren historian argitalpena “mugarria” izan zela esan zuen. “Lan ia-ia entziklopediko bat da. Ehunka orri ditu eta edukiz eta estiloz oso-oso aberatsa da”
Ez da Beauvoir laburtzera mugatu, beste hainbat pentsalariren aipuak baliatuta oraintxe bertan mahai gainean dauden hainbat eztabaidaren, ildoren eta korronteen borrokak ere aurkeztu dituelako. “Oinarri horretatik abiatuta egin diren sakontzeak aztertu ditut, kontuan izanda izugarri idatzi dela eta dena lantzea ezinezkoa dela”. Esan gehienak emakumeenak dira.
Garai “bereziak” bizi ditugula esan zuen, “gordinak baina interesgarriak”. “Normalitate berri baten atarian omen gaude. Ez dakit normalitate berria izango den ala normalitate zaharraren enegarren aldaera bat izango den. Baina hor sekulako borroka ekonomiko, kultural, sozial eta filosofiko bat dago”, esan zuen. “Gizartearen antolaketan giltzarriak diren hainbat kontzeptu birdefinitu behar ditugu: normala zer izango den, askatasuna nola ulertuko dugun, bizitzako dimentsio esentzialak…”. Filosofiatik ekarpen “interesgarriak” egin daitezkeela azpimarratu zuen.
Emakumeen ahots euskaldunak
Urdangarinen lehen lana da. Baina, aldi berean, Jakin argitaletxearen Irakurgaiak bildumako 49. alea da. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak saiakera “bidaia eder” baten gisan definitu zuen. XX. mendearen erdialdera Beauvoirrek subjektu eredu hegemonikoa eta klasikoa zalantzan jarri zuenetik pitzadurek izan duten garapena ikusten dela azaldu zuen. “Arrakala horietatik formulatu daitezke mundu hau bizigarriagoa egingo duten proposamen politikoak”. Xabier Eizagirre Jakineko erredakzio buruak ere parte hartu zuen aurkezpenean.
Agirrek munduko joerak emakumeen hitzetatik jasotzeko aukera izatea garrantzitsua dela azpimarratu zuen. “Mundua ezin da esplikatu gizartearen erdia kontuan hartu gabe”. Gainera, euskaraz. “Jakinekin aldarrikatu dugun aldarriarekin bat dator: Munduko pentsamenduei leihorik itxi gabe baina gure gogoetak, besteen legitimitatea pare”.