Ziklo-kroseko Gipuzkoako zazpi txapel Goierrin gelditu dira
Gari Bravo lazkaotarrak elite mailako txapela irabazi du. Telleriartekoek hiru txapel lortu dituzte. Mata eta Suarez izan dira Beasaingo Sari Nagusiko garaileak
Ziklo-kroslari goierritarrek uzta oparoa lortu zuten larunbatean Loinatz eta Telleri baserrietako larreetan jokatutako Gipuzkoako Txapelketetan. Zazpi txapel lortu zituzten denera. Gizonezkoen maila nagusikoa, tartean. Gari Bravo lazkaotarrak lortu zuen, Aitor Garmendia itsasondoarraren eta Dannel Iurrebaso zumarragarraren aurretik.
Bravo gipuzkoarrik azkarrena izan arren, ez zen Beasaingo Sari Nagusiko garailea izan. Martin Mata espainiarra izan zen onena. Bigarren sailkatuari, Aitor Hernandezi, ia minutu bateko aldea atera zion.
Paula Suarez gasteiztarra izan zen nesken artean azkarrena. Cristina Moranek eta Olatz Odriozolak osatu zuten podiuma. Bera izan zen helmugaratu zen lehen gipuzkoarra eta, hortaz, txapela bereganatu zuen. Lur Zufiria ormaiztegiarrak 23 urtez azpiko txapela lortu zuen.
Telleriarte Txirrindulari Elkartekoek hiru txapel lortu zituzten: Gari Ugartek jubenil mailakoa, Oskar Gonzalezek 40 urtetik gorako helduena eta Aitor Zabaletak 50 urtetik gorakoena.
200 txirrindulari lehiatu ziren guztira. 28 emakumezkoak izan ziren. Helduen mailetan emakume bakarrak hartu zuen parte eta ez zen gipuzkoarra.
Telleri baserria bota zutenetik lehen edizioa izan da. Lasterketa doi-doi egin ahal izan zuten, lanak amaitu gabe daudelako. Etxebizitzak egingo dituzte inguru hartan, eta zirkuitua aldatu beste erremediorik ez zaie geldituko. Antolatzaileek ez dute argi nola egin ahalko duten.
Telleri baserria gogoan
Antolatzaileek Telleri baserria oroitu zuten proban zehar. Loinatz baserriko bizilagunentzat ere esker oneko hitzak izan zituzten, belardiak uzteagatik.













