Izal Baik 2022ko zerga eta tasei kontrako bozka eman die
Azaroaren 4an egindako Osoko Bilkuran 2022ko zergen proposamena onartu zuen Idiazabalgo Udalak, EH Bilduren aldeko 6 bozkekin, eta Izal Bairen kontrako bozka batekin. Iazkoarekin alderatuta, %1,5eko igoera izango dute zergek. Izal Baik hedabideetara helarazitako ohar batean adierazi du «udalak bi urte hauetan pertsonal gastuak igo» dituela eta «gastu finkoan ez duela jaitsierarik izan apenas». Haien esanetan, «egoerak eskatzen duen jarrera ez da gastu finkoak eta zergak igotzea».
«Izal Bai Idiazabalgo hautesle elkartea 2022ko zerga eta tasen igoeraren aurka agertu da, EH Bilduk alkatetza lortu zuenetik zergak eta tasak urtero igo dira, eta ez dugu egoki ikusten bizi dugun egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta», azaldu dute oharrean.Tasen eta zergen proposamenekin, halere, «gustora» agertu dira egindako aldaketa batekin: industriaren zaborren tasan egindako aldaketarekin, alegia. Iaz Izal Baik sortzen den zaborraren araberako tasa kalkulua egitea proposatu zuen, eta 2022rako hala egitea adostu zuten Osoko Bilkuran. Egin izana azpimarratu dute, baina berandu izan dela salatu dute. «Iaz ez, aurten bai. Urtebete beranduago eta herritarrei behar zena baino gehiago igo ondoren».













