Korrika Goierrira apirilaren 8an helduko da
Korrikaren 22. edizioa martxoaren 31n hasiko da, Amurrion. Apirilaren 10ean amaituko da, Donostian
Korrika Goierrira apirilaren 8an helduko da. Ostirala izango da. Lekuakoa 17:30ak aldera iritsiko da eta arratsaldean zehar eskualdean gora eta behera ibili ondoren, Legorretatik Tolosaldeara joango da.
Ibilbidearen azken zatia izango da, igande horretan amaituko baita, Donostian. Han egin dute 22. edizioaren aurkezpena, San Telmo museoan. Hasi Amurrion (Araba) egingo da, martxoaren 31n. Pare bat hilabete barru zabalduko dute egitasmoaren ibilbide osoa.
Hitzekin izango da Korrikaren leloa. Hitza eta ekintza uztartu dituzte. “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak”. “Larrialdi linguistikoaren alarma gorriaz” ohartarazi, eta “ernatzeko” eskatu dute antolatzaileek, bai herritarrei eta baita erakundeei ere. “Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko”.
Pandemiak euskarari kalte egin diola aipatu dute, askok euskara erabiltzeko plazak galdu dituztelako. Korrikari berari ere eragin dio, urtebete atzeratu behar izan dutelako. Hori guztiagatik, euskaltzaleei dei egin diete “Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea” berreskuratzeko. Euskararen “aldekotasuna eta harrotasuna” aldarrikatu dituzte, horiek “hauspo” bihurtu daitezen “urrats sendoagoak egiteko”. Agintariei ere zuzendu zatzaizkie. Euskaltegiei bideratutako baliabideak ez direla nahikoak esan dute, nahiz eta aurrerapausoak egin direla aitortu duten.
Korrikari laguntzeko bideak ireki dituzte. Korrika laguntzaile egin daiteke jada, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabaldua dute eta petoa eta bestelako materiala erostekoa. Goierriri dagokionez, Beasainen zabalduko dute denda, Kale Nagusian. Ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:30etik 13:00era egongo da zabalik.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots, omenduak
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu 22. Korrikak, “euskarazko eragileak” direlako. “1987an ekin zioten, haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote”.













