Eleganteen Eguna egingo dute larunbatean, jaien atarian
Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko elegante bilkura eta paseo elegantea ospatuko ditu. Bihar ekingo diote herrian festetako egitarauari, DJ Kaktus haurrentzako dantzaldiarekin
Ander Deunaren jaiak hasiko dira hilaren 26ko asteburuan. Asteburu honetan, berriz, Eleganteen Eguna ospatuko dute Ormaiztegin, festen atarian. Zumalakarregi Museoak antolatutako ekimena 12:00etan hasiko da. XIX. mendeko eleganteen bilkuraren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Pandemiarengatik iazkoa bertan behera geratu zen eta gogotsu helduko diote egunari herritarrek.
Goizean photocall-a jarriko dute, elegante jantziekin argazkiak atera ditzaten ormaiztegiarrek, eta eguerdian paseoa emango dute elegante jantziez jantzita bainuetxea zegoen tokiraino, Jundajo txarangaz lagunduta. Ur beltzaren iturrian eta Baluk egindako horma-irudien aurrean argazkiak aterako dituzte parte hartzaileek. Ormaiztegin ospatu izan diren XIX. mendeko elegante bilkuren edizio ezberdinetako argazki erakusketa eta garaiko autoen erakusketa egongo dira ikusgai museoan. 17:00etan, paperezko panpinak egiteko tailerra egongo da.
Bihartik igandera
Hilaren 26an izango da festen hasiera, baina asteburu honetan dagoeneko jai giroa izango da nagusi Ormaiztegin. Bihar, 16:30ean Zubipe kiroldegian, DJ Kaktus umeentzako dantzaldia izango da. 19:00etan gazteen txosna irekiko dute, eta 23:00etan Muxutruk taldeak kontzertua eskainiko du karpan. Bigarren kontzertu bat ere egongo da: Little Martin Selektah-rena, Ormaiztegiko Harrikalariak Gazte Asanblada Elkarteak antolatuta.
Larunbatean, aipatu bezala, Eleganteen eguna izango da. Gauean, beste bi kontzertu egongo dira karpan: batetik, Tirokatuak taldearena 23:00etan, eta bestetik, Guri 5! taldearen azken kontzertua izango dena, 01:30ean, Ormaiztegiko Harrikalariak Gazte Asanblada Elkarteak antolatuta.
Igandean emango diote amaiera Ander Deunaren jaiei lotutako lehenengo asteburuari. 12:00etan, karpan, Buala haurrentzako emankizuna izango da, eta 17:30ean, aldiz, Kiki eta Koko pailazoen Bizi-Bizi zirkua ikuskizunaren txanda izango da, Zubipe kiroldegian.