Emotio taldearen 'Hit parade' ikuskizuna, azaroaren 26an
Ordiziako abesbatzak azken hamarkadetako kantu ezagunekin osatutako emanaldi berezia egingo du, herri antzokian. «Mimo askorekin eta ilusio handiarekin» prestatutako ikuskizuna da.
Kantu zaletasunari hegoak eman, eta hortik ari dira sortzen Ordiziako Emotio taldearen azken ikuskizunak. Hit parade du izenburua, eta azken hamarkadetako abesti ezagunenetakoak biltzen ditu. Emotio taldeko kideek, aurkezpena egin dute, datorren azaroaren 26an, Ordizian egingo duten emanaldiaren xehetasunak emateko, eta bide batez, herritar guztiei gonbita luzatzeko.
Azaldu duten moduan, «mimo askorekin eta ilusio handiarekin prestatutako ikuskizuna da». Xehetasun guzti-guztiak «oso ondo pentsatuta eta asko-asko zainduta» daude, «bai abestien aukeraketa, bai abeslarien arropak, bai atrezzoa…».
Maite Olazabal Emotio taldearen lehendakariak esan duen moduan, «hainbeste denbora publiko baten aurrean emanaldirik egin gabe egon ondoren, alderdi emozionala batez ere, oso kontutan izan dugu, uste dugulako, herriak, komunitateak behar duela umore pixka bat, besteak beste».
Debora Herrero zuzendariak aurreratu du «musikan zehar ibilaldi bat» izango dela eta «belaunaldi desberdinetako pertsonei zuzenduta» dagoela. «Memoria kolektiboan dauden doinuak ekarriko ditugu», gehitu du.
Emanaldia, Herri Antzokian izango da, azaroaren 26an, ostirala, 19:30ean. Sarrerak, koralista bakoitzak ditu salgai, 10 euroren truke. Egunean bertan leihatilan ere salgai egongo dira.