'Haurren aurrean, helduok heldu' jokatzeko deia
Goierriko bederatzi herrik bat egin dute ekimenarekin. Helburua 0-12 urteko haurren guraso, zaintzaile, senide eta bestelako hezitzaileek euskaraz egitea da. Urretxu-Zumarragan egitarau betea osatu dute.
Euskaltzaleen Topaguneak Haurren aurrean helduok heldu dinamika jarri du abian, 0-12 urte bitarteko haurren guraso, zaintzaile, lagun, senide eta bestelako hezitzaileen artean euskarazko praktikak sustatzeko.
Ariketa hilaren 22tik abenduaren 5era bitartean egingo da, haurrak eta hezitzaileak batzen diren eremuetan. Solaskideek euskara dakiten kasuetan euskaraz egingo dute, lehen hitzak euskaraz egingo dituzte eta kideak ulertu bai baina euskaraz hitz egiten ez badu, euskarari eutsiko diote elkarrizketa elebidunetan ere.
Helburua euskararen erabileran aurrerapausoak ematea eta helduak haurrentzat eredu izatea da. Izan ere, haurrei ematen zaien hizkuntza portaeraren ereduak haien euskararen erabilerari eragiten dio. Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo.
Euskaltzaleen Topaguneak herriei parte hartzeko aukera eman die eta dagoeneko 50 herrik baino gehiagok eman dute izena. Horien artean, Goierriko bederatzi herri daude: Beasain, Gabiria, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Urretxu, Zegama eta Zumarraga.
Urretxuko eta Zumarragako udalek prentsaurrekoa eman zuten atzo, ekimena aurkezteko, herritarrei parte hartzera gonbidatzeko eta ariketa honen inguruan antolatu diren ekitaldien berri emateko.
Urretxuko Aizpurunea kultur etxean egin zen prentsaurrekoan Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten.
Errastik, Eustaten arabera, Urretxuko eta Zumarragako biztanleen %60k euskaraz ulertzen duela gogoratu zuen. «Portzentaje hori altuagoa da herritar gazteenen artean».
2017an egindako kale neurketaren arabera, kalean entzuten diren elkarrizketetatik %22 dira euskaraz. «Haurren presentziak eragina du. Haur eta nagusien arteko elkarrizketetan, %36 dira euskaraz. Baina haurrak urruntzen direnean, nagusien artean %15ekoa da erabilera. Haurrek jarrera hori imitatzen dute: helduak elkarrizketatik ateratzean, %20koa da haurren erabilera. Haurrek helduon hizkuntza jarrerak kopiatzen dituzte. Horregatik dago zuzendua Haurren aurrean helduok heldu dinamika helduoi».
Euskaraldian ez bezala, dinamika honetan ez da izen-ematerik eta txaparik egongo. Guneek hartuko dute garrantzia. «Gure kasuan, eskolen kanpoaldeek eta parkeek. Bertan, lona bat jartzeaz gain, hainbat ekintza antolatu ditugu», aipatu zuen Fidalgok.
Ondoren, bi udalek antolatu dituzten ekitaldien berri eman zuen. Koronabirusaren eragin tasa altua dela eta, ekitaldiak banan-banan aztertu beharko dituzte, baina printzipioz, ondoko taulan agertzen direnak egingo dira.
EGITARAUA (Urretxu-Zumarraga)
· Azaroak 23. 6-9 urteko haurrentzako eta hezitzaileentzako jolasak. 17:00etatik 19:00etara, San Martin auzoko parkean.
· Azaroak 24. Bertso saio motzak. 17:00etan, Urretxuko parkeetan.
· Azaroak 25. 6-9 urteko haurrentzako eta hezitzaileentzako jolasak. 17:00etatik 19:00etara, euskaltegiko parkean.
· Azaroak 26. Inun taldearen kontzertua. 17:00eta, Areizaga-Kalebarren plazan.
· Azaroak 30. 6-9 urteko haurrentzako eta hezitzaileentzako jolasak. 17:00etatik 19:00etara, Zelai Arizti parkean.
· Abenduak 1. Bertso saio motzak. 17:00etan, Zumarragako parkeetan.
· Abenduak 2. 6-9 urteko haurrentzako eta hezitzaileentzako jolasak. 17:00etatik 19:00etara, Izazpi auzoko parkean.
· Abenduak 3. Mintzodromoa. Zumarragako plazako arkupeetan, 18:30ean.
· Abenduak 5. Txan magoa. Labeaga aretoan, 17:00etan.