Hiru postu itzuli dira berriz plazara
Bi kokagune nagusitan daude postuak Ordizian ferian atzotik: Plaza Nagusian barazki, fruitu lehor, gozo eta abar; eta zuhaizti eta inguruan fruta, jantzi eta hainbat osagarri.
Nikolas Lekuona plazan (Barrena kultur etxearen aurrean) zeuden hiru postuak plaza inguruan dira berriz ere. Bezeroen ongi etorriko hitzak eta poza nabarmen. Salmentak bizi hasi dituzte goizetik. Hala esan digu Ainara Gastezik. Olibak, gozoak eta fruitu lehorrak saltzen dituzte, besteak beste. Laster gabonetako turroi eta abarren eskaintza ere prest izango dute. Bestalde, garai honetantxe ekarri ohi zituzten oliba freskoak. áKantitate handiak ez baina ondo saltzen zen», Vicente Mu-ñozek esana.
Ez dirudi hain erraz lor daitekeen produktua denik, ohiko hornitzaileak aurten ezin izan du eta besterik momentuan ez dute aurkitu. Freskoak erosi eta bakoitzak gustuaren arabera prestatzeko ohitura eta jakitatea zutenek, aurten ferian behintzat jai dute.
Barazkitan azalore morea Montesen postuan. 2,5 /bakoitza. Gainerakoan, berririk ez izan arren, aukera zabala, mahaiak ondo beteta.
Uso gutxi aurten salgai
Ehiza garaian gaude baina atzo usorik ez. «Jende asko eskatzen ari zaigu baina inork ez digu saltzeko eskaintzen.Teori asko entzuten da paseari buruz, nondik nora eta abar, kontuak kontu gutxi botatzen ari dira», Mikel Lasak. Paseko usoen, (pagausoa edo Columba palumbus ) argazki ikusgarriak ibili dira aste honetan sarean, baina nonbait bere hegaldian segitu dute.
Mikologia arloa urritzen ari da. Hala ere, 140 kilo onddo atzo ere, 18-42 euro artean. Aparte baita zizahoriak, mendiko angulak, saltsa perretxiko beltza eta Mikel Lasak esan digunez, azken aste hauetan ondo saltzen ari den esnegorri edo nikaloa (20 euroan kiloa) ere bai.
Artzainak neguko martxan
Artzainentzat mugarri da garai hau. Udako larre eta martxatik neguko eginkizunetara pasatzen dira. Artalde batzuetan arkumeak jaiotzen hasi dira. Ondorioz, gazta egiten ere laster hasiko dira. «Gu ziurrenera hilabete bukaeran», zioen Abel Goiburuk. Gero bi hilabete ontzen utzi behar dira saldu aurretik.