Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi 'Agurra' antzerkiarekin Lazkaon
Maitasuna eta gorrotoa ardatz dituen obra taularatuko du Hika taldeak. Sarrerak salgai daude sarean.
Hika Teatroa konpainiak Agurra antzerkia taularatuko du, bihar, Lazkaon. Areria antzokian izango da antzezpena, 20:00etan hasita. Sarrerak lazkao.eus webgunearen bitartez eros daitezke aurrez, 5 euroan.
Antzerkiak 70 minutuko iraupena du, eta Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi dira aktoreak. Nina Mitrovitx idazlearen lanak maitasuna eta gorrotoa ditu ardatz. Agurtzane Intxaurraga da euskarazko bertsioaren zuzendaria, Txiliku Arangurenek itzulita. Irailean estreinatu zuten Hikak.
Aita-semeak eta ahaztura
Aita-semen arteko harreman korapilotsuaren eta maitasun-gorroto dikotomia horren indargarri, Kandido Urangak gorpuzten duen aitaren buru gaixotasuna dago, kontuak kitatzeko presa.
«Aita izango dela jakin duen semea Iñigo Gastesi, buruko gaixotasuna duela jakin duen aitarengana doa kontu eske, ahanzturan erori aurretik, boxeo borroka bat egiteko prest. Kolpeek, urteetan isildutako minak eta beldurrak azaleratuko dituzte», dio Agurra antzerkiaren laburpenak.