Korrika apirilaren 8an helduko da Goierrira
22. edizioa martxoaren 31n hasiko da, Amurrion; amaitu, apirilaren 10ean, Donostian. 'Hitzekin' izango du leloa. Beasainen denda jarriko dute, petoak eta arropa erosteko
Korrika Goierrira apirilaren 8an helduko da. Ostirala izango da. Lekukoa 17:30ak aldera iritsiko da Aizpurutxo aldetik Urretxu-Zumarragara eta arratsaldean zehar eskualdean gora eta behera ibili ondoren, Legorretatik Tolosaldeara joango da N1 errepide zaharretik.
Goierrikoa 2.500 kilometroko ibilbidearen azken zatia izango da, Korrika igande horretan amaituko baita, Donostian. Han egin zuten aurkezpena, San Telmo museoan, atzo. Hasi, berriz, Amurrion (Araba) egingo da, martxoaren 31n. Pare bat hilabete barru zabalduko dute egitasmoaren ibilbide osoa, ordutegi zehatzagoarekin.
Hitzekin izango da Korrikaren leloa. Hitza eta ekintza uztartu dituzte. «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak». «Larrialdi linguistikoaren alarma gorriaz» ohartarazi, eta «ernatzeko» eskatu dute antolatzaileek, bai herritarrei eta baita erakundeei ere. «Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik sendoagoak eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko», esan dute.
Pandemiak euskarari kalte egin diola aipatu dute, askok euskara erabiltzeko plazak galdu dituztelako. Korrikari berari ere eragin dio, urtebete atzeratu behar izan dutelako. Hori guztiagatik, euskaltzaleei dei egin diete «Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea» berreskuratzeko. Euskararen «aldekotasuna eta harrotasuna» aldarrikatu dituzte, horiek «hauspo» bihurtu daitezen «urrats sendoagoak egiteko». Agintariei ere zuzendu zaizkie. Euskaltegiei bideratutako baliabideak ez direla nahikoak esan dute, nahiz eta aurrerapausoak egin direla aitortu duten.
Laguntza eske
Korrikari laguntzeko bideak ireki dituzte. Korrika laguntzaile egin daiteke jada, ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabaldua dute eta petoa eta bestelako materiala erostekoa. Goierriri dagokionez, Beasainen zabalduko dute denda, Kale Nagusian. Ostiraletan 17:00etatik 19:30era eta larunbatetan 10:30etik 13:00era egongo da zabalik.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte
22. Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo-hirukotea omenduko du, «azken hogeita hamalau urtean erakutsi izan duten konpromisoagatik eta ekinagatik». «Euskara ahoan ibili dute 34 urte hauetan.
Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten». Transmisioa gurasoetatik umeetara eta umeetatik gurasoetara izan dela ere gaineratu dute.