Emanaldi askutikoa Iñaki Dieguez Akustik Triorekin
Azaroan Musika egitarauaren barruan joko du soinujole irundarrak, Angel Unzu eta Iker Telleria lagun dituela.
Azaroan Musika programazioak aurrera jarraitzen du, eta Santa Zeziliari eskainitako emanaldiez gain, astebururako beste hitzordu bat ere proposatzen du. Igandean, hilak 21, Iñaki Dieguez Akustik Trio hirukoteak kontzertua emango du Latxartegi aretoan, 12:30ean. Sarrera doakoa izango da, eta aretoko ateak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekiko dituzte.
Hirukote akustikoa da Iñaki Dieguez Akustik Trio, eta Euskal Herriko musika munduan ezagunak diren Angel Unzuk eta bere gitarra bouzokiak eta Iker Telleria perkusionistak osatzen dute, Iñaki Dieguez eta bere eskusoinuarekin batera. Solista gisa eta artista ezagunen laguntzaile gisa urte askotako ibilbidea dute hirurek, eta orain indarrak batu eta musika proiektu berri hau jarri dute martxan, folk doinu modernoak eta freskoak oinarri hartuta.
Iñaki Dieguez Akustik Trioren errepertorioan Euskal Herriko musika tradizionala eta jazza edo teknoa bezalako beste musika estilo batzuk elkartzen dira.