Uzta oparoa plazaratzeko itzuliko da igandean Gabirian errezil sagar feria
Errezil sagar lehiaketara 12 ekoizle aurkeztuko dira, sagar-goxoetara 16, eta baserriko produktuen azokan 16 postu egongo dira. Plazan eta inguruko aterpeetan izango da
Iazko hutsunetik indar handiagoz berrituta egingo dute Gabirian igande honetan Errezil Sagar Eguna. Pandemiaren kezkak erabat alboratu gabe ospatuko da oraindik, jendea pilatzeko eta, batik bat, maskara kenarazten duten probaketak saihestuko dituzte. Baina feria eta lehiaketak egingo direla da lehen berritasuna.
1996an hasi ziren Gabirian errezil sagarra sustatzeko eta indartzeko lehiaketa egiten, Erbie elkartearen eskutik. 25. urteurrena beteko du aurten, hortaz. Baina urte batzuetan ez baita egin, 20. ekitaldia da, berez.
Ohiko osagai gehienak izango ditu egunak. Azoka igandean 10:00etatik 14:00etara izango da, Gabiriako plazan. Guztira 25 herrritarrek parte hartuko dute. Baserriko produktuak eta batez ere errezil sagarra saltzeko 16 postu jarriko dituzte. Errezil sagar lehiaketan 12 baserrik parte hartuko dute, eta haiek baloratzeko epaile-lana Ramon Aseginolazak eta Jabier Mujikak burutuko dute. Sagar-goxo edo menbrillu lehiaketara, berriz, 16 etxetatik eramango dituzte; Josema Azpeitia eta haren kide bat izango dira epaile.
Azken urteetan bezala, Goierri Beheko Ezti Lehiaketa ere jokatuko da Gabirian, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Lehiaketetako sariak 13:30a aldera banatuko dituzte.
Kopuru izugarriak
Sagar urte emankorra izan da 2021a, eta kopuru handiak bildu dituzte Gabiriako ekoizleek. Alde horretatik, erosi nahi dituenak aukera ziurtatuta edukiko du. Igandeko feriara bertara joaterik ez dutenentzat ere, telefonoz eskatzeko lasai esan dute.
Azokako erosleen artean errezil sagar saskikada bat zotz egingo dute. Baztarrikako Idiazabal gazta eta Jose Antonio Elosegiren sagar zukua ere edukiko du.
Pandemia zabaltzea eragozteko arauei kasu eginez, menbrilluak ez dituzte aurten jende artean banatuko; norberak jasoko du lehiaketara eramandakoa. Sukaldariek ere ez dute azokan bertan jan-edanik prestatuko.
Sagarrondoen zaintzaz eta sagargintzaz azalpenak Gabino Muruak emango ditu.