Atzegizaleei, ohore
Atzegik atzegizaleen lana eskertuko du abenduaren 20an Kursaalen egingo duten festa. Goierrin 600 atzegizaletik gora daude, baina gehiago behar dira. Edonor izan daitekeela azpimarratu dute
Irakurle hori, agian zu ere atzegizale zara, konturatu ez bazara ere. “Atzegizale edozein izan daiteke. Atzegizale momentu batean adimen desgaitasuna duen norbaiti laguntzen dion oro da”, azaldu du Goretti Etxeberria Atzegiko amak. “Jarrera kontua da”, zehaztu du Malu Valles Beasaingo Udaleko zinegotziak eta Atzegiko amak. “Atzegizaleek laguntzeko jarrera dute. Ez dituzte epaitzen, diren bezalakoak onartzen dituzte. Gizartearentzako eta gure bizitzarako aberastasun bat”. Atzegizaleen ekarpena “funtsezkoa” dela laburbildu dute eta, horregatik, abenduaren 20an aitortza egingo diete Donostiako Kursaal aretoan.
Goierrin 630 atzegizale egonkor baino gehiago daude. Gehiago behar dira, halere. Sentsibilizazio-kanpaina bat abiatu dute horretarako. Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude eta agian zu ere atzegizale zara dioten afixak atera dituzte, desgaitasuna duen pertsona baten egunerokoa eta pairatzen dituen oztopoak eta behar duen laguntza islatzen dituen animaziozko pieza bat eskegi dute sarean eta minutu bateko benetako esperientziak jaso dituzte. Atzegiren webgunean atzegizaleen txokoa ere sortu dute, egonkor bilakatu nahi duten atzegizale puntualei erraztasunak emateko.
Beasaingo aurkezpenean Maialen eta Amaia atzegizaleek hitza hartu dute. Aisialdia elkarrekin pasatzen dutela azaldu dute, eta elkarri bizipoza ematen diela. Herritarrei atzegizale izateko deia egin diete. Legazpin asteazkenean egingo dute aurkezpena.
20an, 20
Abenduaren 20an festa bikoitza egingo dute. Atzegizalearen figurak, omenaldiaz gain, 20 urte beteko ditu. Atzegik, berriz, 60. Egiari zor, 60. urteurrena iaz ospatu behar zuten, baina pandemiaren erruz aurtengora atzeratu behar izan zuten. 60+1a ospatuko dutela diote, txantxetan. Atzegiko arduradunek aitortu dute 60 urteotan gizarteak aurrera pausoak eman dituela, baina oraindik bidea egiteko dagoela ohartarazi dute.
Ekitaldia sorpresaz eta une hunkigarriz beteta egongo dela aurreratu dute. Joan nahi duenak atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi behar du edo 943 42 39 42 telefonora deitu.
Festaz gain datozen urteetarako lan-ildoak zehazteko asmoz abian jarritako hausnarketa-prozesuaren ondorioak partekatuko dituzte.