«Gustuz egiten dut, gozatuz baina martxa bat mantenduz»
Zilarrezko Euskadi saria irabazi du Amaia Telleria (Idiazabal, 1993) idazleak 'Haize-lekuak' bere lehen eleberriarengatik, iaz argitaratutakoa. Gipuzkoako liburu saltzaileen gremioak banatzen du sari hori.
Nola izan zenuen sariaren berri eta nola jaso zenuen albistea?
Editoreak deitu zidan eta emateko albiste on bat zeukala komentatu zidan. Gipuzkoako liburu dendetako gremiotik hori erabaki zutela. Gero esan zidaten ezin zela oraindik esan eta guretzat gordetzeko. Pozik. Behintzat ingurukoei komentatzeko eta ospatzeko aukera izan genuen aurretik.
Zer suposatzen du horrelako sari bat jasotzeak?
Bultzada bat da. Azkenean, zuk egindako lan bati balioa ematen dio, interes bat daukala eta balioa daukala aitortzea. Batez ere, jarraitzeko bultzada eta motibazioa da, eta egindakoagatik harro sentitzeko arrazoi bat.
Gipuzkoako liburu saltzaileen gremioak eskaintzen du saria. Berezia al da alde horretatik?
Bai. Azkenean beraiek liburuen munduan asko ibiltzen diren pertsonak dira, eta balio bat eman nahi die liburu konkretu batzuei, salmentetatik harago. Dakien jendea izanik, polita iruditzen zait oso, eta eskertzekoa ere bai. Lehen sarien irizpidea zen liburu eguneko Donostiako azokako egun zehatz batean libururik salduena izatea, baina orain ez dute salmenta bakarrik baloratzen, baizik eta baita atzetik dagoen lana eta lanaren azken emaitza ere.
2020ko ekainean argitaratu zenuen ‘Haize-lekuak’. Zer nolako harrera izan du eleberriak?
Ona nik uste. Idazle hasiberri batentzat beti izaten da urduritasun momentua: zer erantzun jasoko duzun, jendea liburuarengana inguratuko den… dena askatu eta zer erantzun izango duzun momentu hori. Liburua mugitu da eta horrek poza ematen dit. Feedback-a ere eman didate eta orokorrean positiboa izan da irakurri duen jendearen aldetik. Orduan gustura aurreneko aldi hori izanda jaso dudan erantzun horrekin.
Gaur ‘Pitzatuta gaude denok’ aurkeztuko duzu. Zer esan dezakezu horren inguruan?
Gaztetxoentzako sail batekin hasi behar da Alberdania argitaletxea. Azkenean beste eremu bat da. Helduentzako literatura gauza bat da, umeentzakoa beste bat, eta gaztetxoentzakoa beste bat. Pitzatuta gaude denok nerabezaroko garaietara eraman nau eta disfrutatu dut hori idazten. Ea zer erantzun jasotzen dugun gaztetxoen publikoaren aldetik.
Bat aukeratzekotan, zer nahiago duzu, gazteentzako literatura idaztea ala helduentzakoa?
Arinagoa egin zait gaztetxoentzako idaztea, bestea lan karga handiagoa izan delako dokumentazio aldetik. Estilo desberdinak probatzea gustatzen zait eta ez nuke jakingo bat esaten, biak disfrutatu ditut.
Aurkezpenak izango dituzu aurrerantzean. Beste proiekturen bat ba al duzu eskuartean?
Aurten beste liburu bat ere atera dut, Zuhara, itsasoaren deia. Horrekin aurkezpenak prestatzen ari naiz. Igandean Donostiako Aquariumean daukagu, Lazkaon ere bai laster, eta Durangoko Azokako aurkezpenak prestatzen ari naiz. Eta sariarekin, Haize-lekuak gaztelaniara itzultzea interesgarri izan daitekeela ikusi dugu.
Gaztelaniarako itzulpena zuk egingo zenuke ala beste baten esku egongo litzateke?
Nik itzuliko nuke. Ez dago zehaztuta, baina pixkanaka hasteko asmotan gabiltza.
Lehen Hezkuntzako irakaslea zara. Nola uztartzen duzu lan hori idazle lanekin?
Idaztearena zaletasun bezala egiten dut. Saiatzen naiz egunero edo denboraz nabilenenean tarte bat hartzen, sistematikoki, proiekturen batekin nabilenean. Presiorik gabe egitea gustatzen zait. Azkenean ez naiz hortik bizi, idazten jarraitu nahi dut baina beste lan bat daukat. Oreka bat bilatzen saiatzen naiz. Gustuz egiten dudan gauza bat da, gozatuz baina martxa bat mantenduz horretarako.