Hamada filma, igandean Itsason
Igandean ekingo diote neguko film eskaintzari. Jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin izango dira. Abenduaren 5ean Tomboy emango dute.
Igandean neguko film eskaintzari ekingo diote Itsason. Negu honetan hiru film eskainiko dituzte Filmazpit elkartearen eskutik, jatorrizko hizkuntzan eta euskarazko azpitituluekin. 18:30ean izango dira denak, Itsasoko udal aretoko ganbaran. Lehenengoa, igandean, Hamada (2018) filma izango da, arabieraz, gazteleraz eta ingelesez. Sueziako ikus-entzunezko dokumentala da, Eloy Dominguez Seren-ek zuzendutakoa. Sahara basamortuaren erdialdean Marokok 1975ean herrialdea ukatu zien belaunaldiak hazten dira. Gazte horien beharrezko barreak, ideia errebeldeak eta amets inkonformistak dira filmaren ardatza: umiliatu beharrean, korrika egiteko autoak konpontzen dituzte, nahiz eta alanbre-hesi eta harresietatik harago ez joan.
Bigarren filma abenduaren 5ean izango da. Celine Sciamma-ren Tomboy (2011) fikziozko pelikula frantsesa emango dute. 10 urte Laure beste auzo batera joango da bizitzera gurasoekin eta ahizpa txikiarekin. Lagun berriak egingo ditu eta joko eta barre algaraz igaroko du uda. Laurek, hala ere, sekretu bat du: bere burua Mickäel mutiltzat aurkezten du. Lisa, taldeko neska bat, harekin maiteminduko da Mickäel dela pentsatuz, eta horrek egoera korapilatsuak eragingo ditu.
Azkeneko filma urtarrilaren 23an emango dute: Lupin III (2019). Japongo pelikula da, animaziozkoa, Takashi Yamazakik zuzendua. Arsene Lupin III lapur karismatikoak Letizia izeneko emakume batekin lan egiten du, Diario Bresson aurkitu eta lapurtzen saiatzeko asmoz. Abentura honek Lupin eta bere talde bitxia nazien konspirazio baten berri ematera eramango ditu, poliziarengandik ihes egiten saiatzera eta mundua salbatzen saiatzera.