Larreari buruzko Arakistainen tesi ikerlana saritu du Musikenek
Musika kontserbatorioan ikasketa amaierako lanik onentzat izendatu dute. Ignacio Arakistain azpeitiarrak ikertu du Valentin Larrearen biografia eta sorkuntza
Valentin Larrea Iturbe musikagile gabiriarraren obra ezagutarazteko lanak beste fruitu bat eman du. Ignacio Arakistain Agirre organo-jotzaileak (Azpeitia, 1998) hari buruz egindako karrera amaierako lanak irabazi du IV. Musikene-Donostiako Orfeoia Saria. Astelehenean jaso zuen, Donostian, epaimahaiaren ahobatezko onespenarekin. Ikasketa amaierako lan onenaren saria da, eta Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lanaren eta bizitzaren berreskurapen bidean du izenburua.
Organoko ikasketak bukatu ditu Musikenen Arakistainek, ohorezko matrikularekin. Ikasketa bukaerako lana egiteko gaia Esteban Elizondok eman zion, Berazadi Larrea familia egiten ari zen lanaren berri iritsaraziz. Haiekin bilera bat egin, lanari heldu zion. «Ideiala iruditu zitzaidan gaia», dio Arakistainek.
«Ez nuen ezagutzen Valentin Larrea, noski. Itziar Larrinaga nire lanaren zuzendariari komentatu nion, eta aurrera jotzeko esan zidan. Elena eta Maite Berazadi Larrearekin egon, eta egundoko gogoa ikusi nien. 2019an hasten ari ziren artean, kontzertuekin. Piano piezak bidali zizkidaten, eta formazioz pianista ere banaizenez, polita iruditu zitzaidan, ondo idatzia».
Material asko arakatu du
Tesi ikerlanaren zati handiena Larrearen biografia da. «Lehenengo pauso batzuk eman ditut, zeren biografia bat osatzea lan mardula baita. Espainiako Biblioteka Nazionaletik, foru aldundiaren artxibo historikotik, eta bestelako funtsetatik datu ugari arakatu du. «Prentsa ugari dago horietan, eta aipuak baliatu ditu. Adibidez, jakin dut Larreak Iruñeko etxean klaseak ematen zituela, edo bere zenbait ikaslek kontserbatoriorako bidea egin zutela ondoren, edo bere obrak noiz eta non estreinatu ziren. Obra guztiak ez daude oraindik katalogatuta gainera, eta hor badago lan bat egiteko».
Bigarren atala, organoari buruzkoa da. «Arlo estetikoa landu dut, berak organorako nola idazten zuen. Oso pianistikoa da bere idazkera; noski, bera pianista zen Iruñeko Nuevo Casino Eslavan. Erregistrazioen tratamendua ikusi behar da, baita ere. Gabiriako organoaren influentzia bat ere egon liteke, bere aitarekin organo hartan hasi zelako ikasten, txikitan».
Hirugarren atal bat ere gehitu dio lanari, Larrearen bilobek orain arteko berreskuratze prozesuan egin dutena azaltzeko. Hainbat proiektu dituzte esku artean, Valentin Larrearen bizitza eta obra argitaratzeko.
Kontzertuak ematen
Arakistain, Larrearen ikertzaile izateaz gain, haren organo musikaren interpretari ere ari da, Xabier Barriola tenore gabiriarrarekin batera. Beran (Nafarroa) irailean estreinatu zuten lana, eta Durangon (Bizkaia) aritu ziren azaroaren 5ean. Hurrengo kontzertua, abenduaren 8an, Azpeitiko San Sebastian elizan dute. Gabirian ere antolatu nahi dute.
Emanaldiek harrera oso ona izan dute. «Jendeari sartu eta gustatu egiten zaio Larrearen musika. Musikaren lanketa badauka, harmoniarekin eta; esanahi bat. Konpositore honek merezi du ezaguna izatea».