Merkataritzan euskara indar dadin, ekimen bat abiaraziko dute Lazkaon
Merkataritzan euskararen erabilera bizitzeko, Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz ekimenarekin bat egin du Lazkaoko Udalak. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sortutako kanpaina da, herriko merkataritza sektorean euskararen presentzia areagotu nahian. Hainbat udalerrik bat egin dute.
Euskara, hurbiltasuna eta konfiantza ditu oinarrizko zutabeak kanpainak, gertuko merkataritzak «berezkoak» dituen printzipioak bere eginda. Leloak dioen bezala, salerosketetan bezeroen eta saltzaileen arteko harremanean jarri nahi dute fokua.
«Helburu nagusia da herritarrak eguneroko erosketetan euskara erabil dezan animatzea. Horregatik, bereziki, lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzenduta dago», esan du Lazkaoko Udalak.
Atzotik Gabon ostera arte
Betikoa, gertukoa kanpaina atzo hasi zen ofizialki, eta Gabon ondorenera arte jarraituko du. Parte hartzeko ez dago inolako osagai bereziren beharrik: «Establezimenduan euskaraz ulertzeko gai den lagun bat izatearekin nahikoa da, hau da, bezero euskaldunei gutxienez, euskaraz ulertuko dien lagun bat egotea».
Kanpainarekin bat egin eta euskara indartzeko ahaleginean parte hartuko duten dendetan iragarki edo euskarri batekin adieraziko dute, «herritarrek jakin dezaten horietan erosketak euskaraz egin ditzaketela».
Herritarrak mezuarekin bat egitera animatu ditu udalak.













