Tomas Salazarren fitxa kartografikoak denen eskura jarriko dituzte
Salazarrek eskuz egindako 103 txangoren fitxak publiko egingo dituzte familiak eta Aizkorri Mendi Elkarteak. Aizkorriko Biraren webgunean jarriko dituzte. Bihar egingo dute aurkezpena
Tomas Salazarrek Aizkorri Mendi Elkartearekin egindako 103 txangoren fitxak publiko egingo dituzte, inork mendi-bueltaren bat egin nahiko balu. Salazarren omenez egiten den Aizkorriko Bira mendi martxaren webgunean jarriko dituzte. Bihar egingo dute aurkezpena, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Emanaldian 1977 eta 1984. urteetan egindako bi ibilaldiren grabazioak ere eskainiko dituzte, super 8 formatuan. San Adrianen egindako kanpaldi baten eta Usurben finalisten egun baten egin ziren grabazioak.
Fitxak «ondare herrikoia» direla azaldu du Ion Loiarte Aizkorri mendi elkarteko lehendakariak. Zehaztasun handiko mapa kartografikoak dira, funtsean: ibilbideaz gain, gurutzeak, zubiak, mugarriak… markatuta daude, orientatzeko; iturriak eta merenderoak, ere bai, indarrak berreskuratzeko; paisaiaren deskribapenak eta iraupenak ere agertzen dira. Dena, eskuz eginda. «Maitasun eta dedikazio handia eskaintzen zien», oroitu du Loiartek.
Salazar elkarteko «ikurra» zela azpimarratu du zuzendariak. «Hasiera-hasieratik jardun zuen lanean, mendizaletasuna sustatuz. Bereziki, haurren artean». Fitxak bere garaian gaztetxoenekin egindako ibilbideak dira. Hortaz, familia guztiarekin egiteko modukoak dira. Salazar abenduan hil zen eta pandemiaren orduko egorarengatik ezin izan zioten behar bezalako omenaldirik egin.
Aizkorriko Bira, 2022an
Salazarren omenezko iazko mendi martxa ere bertan behera utzi behar izan zuten. Datorren urtean itzuliko da.
Aizkorriko Bira bi urtean behin egiten dute, urte bikoitietan. Zikloak errespetatu eta aurten ez egitea hobetsi zuten. Mendi martxan Beasaindik irten eta Aizkorriko tontorrerainoko joan-etorria egiten dute.