Zumarragako Udala Zelai Arizti aretoko butakak aldatzen ari da
Zabalagoak dira eta buru-euskarria dute. Zaharrak urdinak ziren eta berriak granate kolorekoak dira. Gaurko zineklub emanaldirako prest egongo dira
Zumarragako Udala Zelai Arizti aretoko besaulkiak aldatzen ari da. Zelai Arizti areto berria 2001ean inauguratu zen eta besaulki zaharrak ordukoak ziren. Bai haiek eta bi hauek Ezcaray Seating enpresak egindakoak dira. Besaulki berriak zabalagoak dira eta buru-euskarria dute. Zaharrak urdinak ziren eta berriak granate kolorekoak dira. Gaurko zineklub emanaldirako prest egongo dira.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Juan Carlos Saez Ezcaray Seating enpresako arduradunak prentsaurrekoa eman zuten atzo besaulki berriak aurkezteko. Serranok butaka zaharrek primerako zerbitzua eskaini dutela esan zuen. «20 urte pasa dira jarri zirenetik eta hainbat eta hainbat ekitaldiz gozatu dugu besaulki horietan eserita. Baina denborak ez du barkatzen».
Berriak zaharrak baino are hobeak direla gehitu zuen. «Abangoardiako diseinua dute, bai kalitateari dagokionez eta baita diseinuari dagokionez ere. Ezcaray Seating enpresako langileek azkar eta ondo lan egiten dute. Asteartean hasi ziren estruktura muntatzen eta besaulkiak biharko (gaur) prest egongo dira. Aurrekontua 49.500 eurokoa da».
Alkateak azkenaldian aretoan hobekuntza asko egin direla gogoratu zuen. «Audifonoa erabiltzen duten pertsonek arazoak izaten dituzte aretoetan eta hori konpontzeko sistema bat jarri dugu». Audifonoa dutenak ekitaldia hasi aurretik aretoko arduradunarekin harremanetan jarri behar dira eta honek azalduko die zer egin. Bestalde, udalak soinu mahaia kabinatik atera zuen kontzertuak behar bezala egin ahal izateko.
Mundu osoan
Ezcaray Seating enpresako Saezek besaulkiak Errioxako Ezkarai herrian egiten dituztela aipatu zuen. «Ikusleak eroso egotea eta besaulkiek asko irautea da gure helburua. Kalitatearekin eta ingurumenarekin lotuta dauden kontrol asko pasatzen ditugu. Besaulkiek 20 urteko bizitza erabilgarria dute».
Zumarragan jartzen ari diren butakei dagokienez, zaharrak baino zabalagoak direla, ergonomikoak direla eta oihala itsatsi egingo dietela azpimarratu zuen. «Gaineko oihala eta azpiko betegarria itsatsi egiten ditugu, zimurrak sortu ez daitezen».
Serranok Ezcaray Seating enpresak mundu mailan lan egiten duela aipatu zuen eta Saezek Estatu Batuetan, Europa osoan, herrialde arabiarretan, Australian eta Hego Amerikan lan egin dutela aipatu zuen.
Euskal Herriari dagokionez, toki askotan lan egin dute. «Euskal Herrian etxean bezala sentitzen gara eta bereziki gustura etortzen gara. Basque Culinary Center-en, Mendaroko kaperan, Bilboko Euskalduna jauregian, Gasteizko Principal antzokian, Musikenen, Donostiako Psikologia fakultatean, Donostiako Aquarium-en eta Donostiako Principe zinemetan jarri ditugu besaulkiak, besteak beste. Beti, neurrira», esan zuen Ezcaray Seating enpresako arduradunak.