Atzegi Elkarteak laguntzaileak eskatu ditu, «funtsezkoak» direlako
Atzegizale izateko nahikoa da desgaitasuna duen norbait laguntzea, epaitu gabe. Hauek omentzeko festa egingo dute. Iaz ospatu ezin izan zuten 60. urteurrena ere egingo dute
Atzegik laguntzaileen lana omenduko du. Hau da, atzegizaleena. «Funtsezkoak» direla diote, eta euren jarduna aitortu eta eskertu nahi dute. Abenduraren 20an egingo dute ekitaldia, Donostiako Kursaal aretoan.
«Atzegizale edozein izan daiteke», azaldu zuen Goretti Etxeberria Atzegiko amak. «Atzegizale momentu batean adimen desgaitasuna duen norbaiti laguntzen dion oro da», zehaztu zuen. «Jarrera kontua da», gaineratu zuen Malu Valles Beasaingo Udaleko zinegotziak eta Atzegiko amak. «Atzegizaleek laguntzeko jarrera dute. Ez dituzte epaitzen, diren bezalakoak onartzen dituzte: gizartearentzako eta gure bizitzarako aberastasun bat».
Goierrin 630 atzegizale egonkor baino gehiago daude. Gehiago behar dira, halere. Sentsibilizazio-kanpaina bat abiatu dute horretarako: Geroz eta gehiago gara, nonahi gaude eta agian zu ere atzegizale zara dioten afixak atera dituzte; desgaitasuna duen pertsona baten egunerokoa eta pairatzen dituen oztopoak eta behar duen laguntza islatzen dituen animaziozko pieza bat eskegi dute sarean; eta minutu bateko benetako hainbat esperientzia jaso dituzte, protagonisten ahotik.
Beasainen Maialenek eta Amaiak hartu zuten hitza. Aisialdia elkarrekin pasatzen dutela azaldu zuten, eta elkarri bizipoza ematen dietela. Herritarrei atzegizale izateko deia egin zieten. Legazpin bihar egingo dute aurkezpena.
Atzegiren webgunean atzegizaleen txokoa ere sortu dute, laguntzaile egonkor bilakatu nahi duten atzegizale puntualei erraztasunak emateko.
Abenduaren 20an, 20 urte
Abenduaren 20an festa bikoitza egingo dute. Atzegizalearen figurak, omenaldiaz gain, 20 urte beteko ditu. Atzegik, berriz, 60. Egiari zor, 60. urteurrena iaz ospatu behar zuten, baina pandemiaren erruz aurtengora atzeratu behar izan zuten. 60+1a ospatuko dutela diote, txantxetan. Atzegiko arduradunek aitortu dute 60 urteotan gizarteak aurrera pausoak eman dituela, baina oraindik bidea egiteko dagoela ohartarazi dute. Festaz gain datozen urteetarako lan-ildoak zehazteko asmoz abian jarritako hausnarketa-prozesuaren ondorioak partekatuko dituzte.
Ekitaldia sorpresaz eta une hunkigarriz beteta egongo dela aurreratu dute. Joan nahi duenak atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi behar du edo 943 42 39 42 telefonora deitu.