Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala onartu dute lau udalek
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko adierazpena onartu dute Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek.
Ezkio, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletako ordezkariek azaroaren 25eko adierazpen instituzionala aurkeztu dute. Aurtengo adierazpenaren ardatza indarkeria bikarioa da.
Ekitaldia atzo izan zen. Jon Luqui Urretxuko alkateak emakumeen aurkako indarkeria emakumeen gertuko pertsona maitatuengan ere erabiltzen dela gogoratu zuen. Indarkeria bikarioak ankerkeria maila gorena lortzen duela gehitu zuen.
Koldobike Olabide Legazpiko alkateak Istanbulgo Hitzarmenean kasu horiek ere genero indarkeriaren parte gisa ulertzen direla eta azken lege aldaketek hala jasotzen dutela aipatu zuen. «Hala ere, oraindik ere beharrezkoa da genero indarkeria ukatzen duten eta horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreran aurka ohartaraztea. Jarrera horiek adingabeen eta emakumeen salaketak susmopean jartzen dituzte eta aitaren guraso ahalaren eskubidea babesten dute, emakumeen eta adingabeen segurtasunaren eta indarberritzearen gainetik».
Joseba Telleria Ezkioko alkateak, Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak eta Edurne Gonzalez Legazpiko zinegotziak Urola Garaiko Udal Elkarteak indarkeria horri aurre egiteko hartutako konpromisoen berri eman zuten: indarkeria bikarioaren errealitatea agerian jartzea eta behar bezala artatzen laguntzea, indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku hartze goiztiarra egiten laguntzea, indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzea, neurri guztien gainetik jartzea biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea, toki administrazioko langileek berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea eta berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako eta haien seme-alabenganako indarkeriaren aurkako herri itun bat lortzeko.
Laguntza sarea
Ines Benitez Zumarragako zinegotziak herritarrek indarkeriaren biktimei laguntzeko baliabideen sarea eskuragarri dutela gogoratu zuen. Besteak beste, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako telefono bidezko arreta zerbitzua (900 840 111) eta haur eta nerabeentzako orientazio zerbitzua (116 111). Bukatzeko, Goierri garaian antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera animatu zituen. Legazpiko manifestazioa plazatik abiatuko da eta Urretxu-Zumarragakoa Areizaga-Kalebarren plazatik. Biak 19:00etan.