Gipuzkoako 22. Odolki lehiaketa jokatuko dute Ordizian
Asteazkenarekin batera egingo dute, Ordiziako Plaza Nagusian. 10:00etan ekingo diote eta eguerdi parterako jakingo da aurtengo irabazlearen izena.
Odolki garai bete-betea da, eta betiko produktu honen kontsumoa bultzatzeko eta zabaltzeko helburuarekin, Gipuzkoako 22. odolki lehiaketa jokatuko dute Ordizian, azoka egunarekin batera. Gipuzkoako odolki egileek eta harakinek, Ordiziako lehiaketara ekarriko dute Euskal Herriko gastronomia ondarea den produktu onenen lagin bat. Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak antolatu du, beste behin ere, Ordiziako Udalaren laguntzarekin.
Aurtengo edizioak, 17 partaide erakarri ditu. Tartean, Goierriko odolkigile batzuk-batzuk ere bai, partaideen erdia gutxi gora behera.
10:00etan hasiko da
Ordiziako azoka egunarekin bat egingo du lehiaketak. 10:00etan hasiko da epaimahaia odolki onenaren bila. Ondorengoek erabakiko dute aurtengo irabazlea: Eneko Azurmendi (Lazkaoetxe Jatetxea, Zaldibia); Iñaki Telleria (Mutiloako Ostatua, Mutiloa); Xabier Ruiz (Casa Nicolas Erretegia, Tolosa, Jakitea elkartearen ordezkaritzan); Juanma Garmendia (Fecoga); Jose Antonio Mujika harakin ohia (Ordizia); Kontxita Mujika tabernari ohia (Ordizia); Tere Madinabeitia (Goierriko Hitza / Diario Vasco) eta Aitor Buendia kazetariak (La Ruta Slow Radio Euskadi) eta Ane Galardi (Basque Culinary Center).
Epaimahaikideek, produktuaren oreka izango dute kontutan, hau da, osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula eta odol nahaste duen.
Gipuzkoako 22. odolki lehiaketaren irabazlearen izena, eguerdi parterako emango dute.