Urtebete denon osasunaren alde lanean
Osasun Zentroa 24/7 plataformak urtebete egin du. Hilabete hauetan guztietan egindako lanaren balorazioa egin dute eta Goierri garaiko bizilagunei eta udalei mobilizatzeko eskatu diete.
Koronabirusaren ailegaerarekin, Osakidetzak Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) ixtea erabaki zuen. Iazko urrian berriro ireki zen, baina ez lehengo baldintza beretan. Hala, herritar talde batek Osasun Zentroa 24/7 plataforma sortu zuen. EAG egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea aldarrikatzen dute. Hilean behin manifestazioa egiten dute eta hamabostean behin (hileko lehen eta hirugarren asteazkenean, 18:00etan, anbulatorioan) kontzentrazioa. Hurrengo manifestazioa larunbat honetan izango da. Beti bezala, 12:00etan abiatuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik.
Plataformako kideak prentsarekin elkartu dira, urtebete honetan egindako lanaren balorazioa ezagutzera emateko. «Gustura gaude egindako lanarekin, baina oraindik ez dugu arduradunen erantzunik jaso. Alde horretatik, kezkatuta eta apur bat desilusionatuta gaude. Bi aldiz joan gara Eusko Jaurlaritzara gure eskaerarekin eta ez dugu erantzunik jaso».
Herritarren erantzunarekin gusturago daude. «Herritar askok EAGren aldeko banderatxoak jarri dituzte beraien etxeetako balkoietan. Eta manifestazioetara eta kontzentrazioetara jende asko etortzen da. Baina jendearen erantzunak oraindik eta hobeagoa izan daiteke. 25.000 pertsona inguru dira kaltetuak. Beraz, manifestazio eta kontzentrazioetara askoz ere jende gehiago etor daiteke».
Gazte jendea mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. «Manifestazio eta kontzentrazioetan parte hartzen duten gehienak adinekoak dira. Baina denon arazo bat denez, denok erantzun beharko genuke».
Babesa eman dieten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete. «Kontzentrazio eta manifestazioetan parte hartzen duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. Baita komunikabideei ere. Komunikabideak beharrezkoak dira. Beraien babesik gabe, ez ginateke inon azalduko».
Plataformako ateak herritar guztientzat daude zabalik. «Ideia berriak, laguntza… ongi etorriak dira. Ekimen berriak jarri behar ditugu martxan, baina oraindik zehaztu gabe daude. Orain arteko bidetik jarraituko dugu».
Izan ere, beharrezko zerbitzu bat eskatzen ari direla gogoratu nahi dute. «Ez gara gauza berri bat eskatzen ari. Lehen genuena mantentzea nahi dugu. Martxoan bi urte beteko dira zerbitzua murriztu zutenetik. Osasun zerbitzuetako langileek oso gogor lan egin dute bi urte hauetan, txalo egin genien, baina ez dugu entzun langile berririk hartu dutenik. Anbulatoriora joaten garenean Beasainera bidaltzen gaituzte eta Beasainera joateko autoa behar duzu. Eta autorik ez baduzu? Gauez ez dago ez trenik eta ez taxirik! Beasaindik batzuetan ospitalera bidaltzen zaituzte. Eta ospitalean itota daude. Eta ez dute langile berririk hartu. Geroz eta jende gutxiago lanean eta seigarren olatua hemen dugu…».
Udalen jarrera
Udalei gehiago inplikatzeko eskatu diete. «Beraiek badute hau konpontzeko indarra, baina ez dira nahikoa inplikatu. Udal guztiek elkarrekin lan egin beharko lukete. Eta mankomunitateak ere zerbait egin beharko luke. Udalak gure eskaerarekin ados agertu dira, baina ez dakigu zer gehiago egin duten. Zerbait egin badute, esan diezagutela behintzat. Antzuolan, Bergaran eta Elgetan ere murrizketak egon ziren, baina hiru udalak elkartu egin ziren eta EAG berriro irekitzea lortu zuten».
Baikor azaltzeko arrazoiren bat edo beste ere badute. «Bertako Erakunde Sanitario Integratuak EAG irekitzeko eskaera egin duela jakin dugu sindikatuen bitartez. Egoera aztertzen ari direla erantzun omen diete. Pauso txiki hori eman dute, behintzat. Hori kalera atera garelako gertatu da. Kalera irteteak zerbaiterako balio du. Zenbat eta jende gehiago atera kalera eta zenbat eta presio handiagoa egin, hobe».