Beasaingo EH Bilduk etxebizitza politiketara milioi bat euro bideratzea proposatu du
2022ko aurrekontuek udal zerbitzuak publifikatzeko, trantsizio ekologikoa gauzatzeko eta auzoei eta gazteei bideratutako politikak egiteko diru partidak jasotzeko ere eskatu dute
Beasaingo EH Bilduk Udal Gobernuari datorren urteko aurrekontuetarako bost proposamen egin dizkio. Ardatza herritarrengan eta herri ereduan jarri dutela zehaztu dute. «Beasaindarron beharrak asetzeko diru lerroak faltan sentitu ditugu azken urteetako aurrekontuetan», esan dute ohar bidez. «Orokorrean, aurkezten diren aurrekontuak ohiko inbertsioetara bideratuak daude eta askotan herrian eta herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzunik ematen ez dien lehentasunak zehaztu dira».
Koalizioak etxebizitza politiketara milioi bat euro bideratzea proposatu du. Alokairua biziberritu nahi dute, zehazki. Geroz eta beasaindar gehiago inguruko herrietara joaten direla diote, nahiz eta Beasainen 1.000 etxebizitza hutsik dauden. Udala lursailen jabe egitea ere eskatu dute, alokairu soziala indartzeko.
Baso eta sail pribatuak ere erosteko 100.000 euroko diru partida bat eskatu dute, «basogintza eredua aldatzeko eta etorkizuneko ekoizleei laguntzeko helburuarekin». Landa eremuaren kudeaketa egokia garrantzi handikoa izango dela ohartarazi dute, trantsizio ekologikoa erronka «nagusienetakoa» dela baitiote. Biziola proiektuari 30.000 euroko dirulaguntza bideratzea ere proposatu dute.
Auzoetarako 50.000 euroko partida ere planteatu dute. Dirua auzotarrek eurek kudeatzea proposatu dute, herritarren parte-hartzea indartuta. Auzotaxi zerbitzua ere eskatu diote Udal Gobernuari.
Aurrekontuek kiroldegiko eta zaintza alorreko udal zerbitzuak publifikatzeko bideragarritasun azterketa jasotzea ere nahi dute. Prezioak «gehiegizkoak» direla deritzote eta langileen baldintzak «oso kaxkarrak». Publifikazioa azpikontratazioak gutxitzeko, lan duinak bermatzeko eta zerbitzuen egonkortauna sendotzeko bidea dela defendatu dute. 30.000 euro aurreikusi dituzte horretarako.
Kezkatuta
EH Bildu Beasaingo nerabeei eta gazteei eskaintzen zaizkien zerbitzuekin eta ekipamenduekin «kezkatuta» agertu da. Gutxiegiak direla deritzote. Gaztedia saila berreskuratzea nahi dute, eta zerbitzua indartzea.
Aurreko urteetako zenbait lerroen jarraipena ere bermatu nahi dituzte. Euskara ikasteko doakotasuna, kultur sorkuntzako diru laguntzak eta mugikortasun mahaitik eratorritakoak gauzatzeko diru lerroak.