Elektrizitearen espekulazioak Goierri jomugan jarri duela ohartarazi du Autopista Elektrikorik Ez plataformak
REEren Itsaso-Castejon goi tentsioko lineaz gain, Forestalia enpresa pribatuak egin nahi duen Zaragoza-Gatika lineak ere Goierri zeharkatuko duela salatu du taldeak. Herritarrei "mugitzeko" eskatu die.
Lehenaz gain, Goierri elektrizitatea tentsio oso altuan garraiatzeko proiektuen eraginpean erortzeko arriskua dagoela ohartarazi du Autopista Elektrikorik Ez plataformak, atzo Gabirian eman zuen prentsaurreko batean. REE Red Electrica de España SA enpresak eraiki nahi duen Muru Artederreta eta Castejon bitartetik Itsasorako lineaz gain, beste proiektu baten berri jakinarazi du taldeak: Forestalia enpresa pribatuak Zaragozatik (Espainia) Gatikara (Bizkaia) luzatu nahi duen linea.
Forestalia enpresak babesle gisa “Singapurgo eta Copenhageko putre funts batzuk” dituela esan du plataformak, eta Aragoin eraikitzeko asmoa duen energia berriztagarrien zenbait parketan sortutako energia garraiatuko luke Zaragoza-Gatika linean. Goierrira Etzegarate aldetik sartuko litzateke, Idiazabalgo lurretatik Ormaiztegiraino jaisteko. Handik, Gabiria iparraldetik inguratuz Legazpira pasako litzateke, Antzuola eta Bergara aldera. Gatikan, itsaspeko linearekin lotuta, argindarra Frantziara esportatuko luke, REEk egingo duen bezala (Itsaso-Gueñes linea ari da eraikitzen jada, proiektuan duen Castejon-Itsasoren jarraipena).
Autopista Elektrikorik Ez taldeak aurreratu duenez, Forestaliak beste bi linea-adar ere egin nahi ditu Euskal Herrian: Nafarroako Erriberatik Errioxa gurutzatuta Gasteizera doana bat, eta bestea Altsasutik Arabako Lautada osoa gurutzatuta, Gasteizera iritsiko dena. “Planteatzen dituen linea hauen gaitasuna, lizitatu diren parke berriztagarriek sortuko luketena baina 5 aldiz handiagoa da. Zertarako? Hainbeste kilometrotan zehar horrelako azpiegitura behar duen energia, ez da inoiz berriztagarria izango”, deitoratu du plataformak.
Energia sorburu aldaketa, eredu berean
Europako Batasuna energia berriztagarrien sorkuntza bultzatzen ari bai, baina gaur egungo kontsumo “erraldoia” murrizteko ahaleginik ez egitea ere kritikatu du plataformak. “Horrek energia sorkuntza instalazio handietan zentralizatzea dakar, eta gero goi tentsioko linea erraldoiekin barreiatzea kontsumo guneetara. Honela, elektrizitatearen inguruan espekulazio izugarria sortzen ari da, eta horren adibide dira gaur egungo argindarraren prezioaren gorakada, eta enpresa pribatuak energia garraioan sartzen ari direla, Forestalia kasu”.
Lurra eta ingurumena “berriro ere” enpresa pribatuen interesen eskura jartzen ari direla kritikatu dute. “Bertako biztanleei inolako onurarik ekarri gabe eta gainera kalte nabarmenak eraginez. Babestutako hainbat natur guneetatik oso hurbil igaroko lirateke lineak (Aralar, Aizkorri-Aratz eta Urbasa- Andia besteak beste) paisaian ondorio izugarriak eraginez. 50-80m arteko dorreak jarriko lituzkete, eta kontuan izan bere korridorearen zabalera dorreen altuera halako bi litzatekeela (100-160m), horrek flora eta faunan izango luken eraginarekin”.
Lineak igaroko diren lekuetan, “hainbat eta hainbat kasutan” gutxieneko segurtasun distantzia ez dela errespetatzen gaineratu dute, biziguneekiko, etxebizitzekiko eta bizilagunenganako.
Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) urriaren 30ean batzar irekia egin zuen Autopista Elektrikorik Ez plataformak, eta erabaki batzuk hartu zituzten. Forestaliaren eta REEren goi tentsioko lineek kaltetutako udalek eta kontzejuek “erabateko oposizioa” agertzeko eskatu dute, eta teknikoki lan bateratua garatuko dute, helegiteak eta aurkako espedienteak tramitatzeko. Aurki informazio emate, kontzientziazio kanpaina eta herritarrak “mugitzeko” egitasmoak martxan jarriko dituzte. Udaletan goi tentsioko lineen aurkako ikurrak jartzen ere hasi dira.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskaria luzatu diete, “kaltetutako herritarrekin bat egiteko eta erabateko oposizioa adierazteko”, haien tresna juridiko eta insituzionalak erabilita proiektuak atzera botarazteko.
“Eraso hauei aurre egiteko batasunaren alde egiten dugu; gardentasunetik, konfiantzatik, elkartasunetik, eta irizpide eta ekintzailetasunaren independentziatik. Hauek izan dira orain arte gure identitate ezaugarriak eta aurrera begira ere hauek izaten jarraituko dute”, azaldu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Gabirian atzo arratsean egindako agerraldian Goierriko hainbat herritarren babesa izan zuen taldeak, eta bertan izan ziren Gabiriako, Mutiloako, Zeraingo eta Idiazabalgo alkateak ere.
Goi tentsioko linea proiektu berriak:
- Castejon eta Muru Artederreta bitartetik (Nafarroa) eta Itsasora, REE Red Electrica de España enpresak sustatua. 400.000 volteko indarra garraiatuko du, bi norantzatan. Lineak 92 kilometroko luzera eta guztira 192 dorre, horietatik 39 Goierrin. Aurreproiektua 2019an aurkeztu zuen REEk, aurrez beste bi proiektu martxan jartzen saiatu ondoren. “Baina plataformak egindako lanak eta herritarren mobilizazioek atzera botatzea lortu zuten”. Oraingo proiektu hau aurretik aurkeztutakoen oso antzekoa dela argitu du plataformak, baina zenbait aldaketarekin: Orkoien-Itsaso 1 eta 2 lineak desmuntatuko dira. Biek ere Goierri gurutzatzen dute, batek Lizarrusti aldetik sartuta eta besteak Etzegarate aldetik. Castejon-Itsaso linea berria, desmantelatuko litzatekeen linea horietako baten ibilbide berdintsuan dator Etzegarate ingurura arte. Hortik aurrera aldaketa nabarmenak ditu, eta Segura aldera gurutzatuko luke, ondoren Zerain, Mutiloa eta azkenean Gabiriara iristeko.
- Zaragozatik (Espainia) Gatikara (Bizkaia) doan linea, Forestalia enpresa pribatuak sustatua. Guztira 244 kilometro luze eta 618 dorre, horietatik 50 inguru Goierrin. Etzegarate aldetik sartuko litzateke Goierrin, Idiazabalgo lurretatik Ormaiztegiraino jaisteko. Handik, Gabiria iparraldetik inguratuta Legazpira pasako litzateke, Antzuola-Bergara aldera jarraitzeko.