Enplegua bilatzeko Ekimena programan izena emateko epe zabalik dago
Laugarrenez abiatuko dute Ekimena programa Ordizian. Partaideek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Abenduaren 13an hasiko da eta apirilaren 13an bukatu
Enplegu bat bilatzea, hori da Ekimena programaren helburu nagusia, eta laugarrenez jarriko dute martxan, Ordizian. Langabezian dauden pertsonei dago zuzenduta, baita ekintzailetzara salto egin nahi duten haiei ere. Abenduaren 13an abiatuko den edizio honetan izena emateko epea zabalik dute jada.
Enplegu baten edo negozio ideia bati forma emateko helburuarekin, «beste behin ere, tresna guztiak lanean jarriko ditugu», azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Aritz Perez proiektuaren arduradunak hitza hartu aurretik. Alkatea, baikor agertu da Ekimena berriro ere martxan dagoelako, izan ere, «Ekimenak balioko du herriko diagnosi bat ateratzeko, eta hortik Enplegu Plana osatzeko; ordiziarren lan-beharrei erantzuna emateko. Horregatik, gainera, herriko beste eragile batzuekin sinergiak osatzea dugu helburua».
Aritz Perez ere oso baikor agertu da. Perezek ongi ezagutzen du programa hau, bigarren edizioko partaideetako bat izan baitzen, eta berak izandako esperientziatik hitz egin du: «Lana bilatzea, ez du zertan bakarrik egin beharreko prozesu bat izan. Talde lana baita, lana bilatzeko erreminta onena, eta hori da Ekimena programaren indarguneetako bat».
Perezek, Javier Elizetxea formatzailearen laguntza ere izango du. Biak batera, eta nola ez, partaide bakoitzaren laguntzarekin eta grinarekin josiko dute lan bilaketarako sarea.
Aurkezpenean nabarmendu duten moduan, Ekimenaren bidez, «pertsonen lanerako gaitasuna hobetuko da, lan merkatuak eskatzen dituen zeharkako konpetentziak indartuko dira parte hartzen duten pertsona guztiengan, enpleguarentzat lan baliabideak lortzen lagunduko dute, inpaktu sozialeko negozioarekin erlazioa duten ideiak identifikatu eta ebaluatuko dira». Perezek gehitu du, Ekimenari esker, «esperientziak partekatu, lan bilaketarako baliagarriak diren tresnen inguruko ezagutza hartu, bakoitzaren helburuak finkatu bakoitzak erabaki zer egin nahi duen,…».
Eman izena
Abenduaren 13an hasiko da aurtengo edizioa, eta apirilaren 13ra bitarte iraungo du. Honako perfilei zuzendua da: langabezian dauden, 22-55 urteko adina dutenak, Ordizian bizi direnak eta lana modu aktiboan bilatzen zein ekiteko asmoa duten pertsonak.
Izena emateko epea abenduaren 5a arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Herritarren Arreta bulegoan edo saregintza@saregintza.org epostara idatzita. Hautaketa prozesua egin beharko balitz, informazio saioak eta elkarrizketak egingo dira izena emandakoekin.