Goiekik Bizigaia proiektua saritu du
Kellesensa, Toque terapeutico eta Irukoberri proiektuak ere saritu dituzte. Oasis Living enpresari aitortza berezia egin diote
Goiekik Biziola kooperatibaren Bizigaia, Goierriko elikadura kooperatiba ekimena izendatu du urteko proiektu berritzaileena bezala. Ekoizleak eta bezeroak saretu nahi dituzte, eskari-antolatuak sortzeko. 7.000 euro jasoko dituzte ideia gauzatzeko: sariaren ohiko 4.000 euroez gain Goilan Goierriko kooperatiben elkarteak beste 3.000 euro emango dizkie, duten kooperatiba izaeragatik. “Enpresa bat sortzerakoan kooperatiba aukera interesgarria da, bere filosofiagatik. Etekinak enpresara bideratzen dira, aberastasuna banatuz”, nabarmendu du Sanchezek.
“Proiektu hau kezka batetik jaio zen: elikadura burujabetzarena”, oroitu da Andoni Mikelarena kideetako batek. “Elikadura etorkizuneko eremu estrategietako bat da”, ohartarazi du. Adibide bat ere jarri dute: Murumendi eskolak jangela berria izango du laster, eta janaria bertan prestatzeko aukera izango dute; “Pentsatu genuen zergatik ez urrats bat gehiago eman eta bertako produktuak erabiltzea. Bizigaiak erakutsi dugu posible dela, posible dela ekoizleen eta jangelen arteko elkarlana”. Biziolako hiru kidek jaso dute saria. Baina atzean pertsona, eragile, ekoizle… “pila bat” daudela azpimarratu dute.
Saria: |
Proiektua: |
Saria jaso dute: |
Ekintzaile garapen proiektu onena | Kellesensa | A. Alvarez, I. Mateos eta M. Zabala |
Ekintzailetzaren bidez gizarte-inklusioko proiektu onena | Toque terapeutico | M. Pereira |
Proiektu berritzaile onena | Irukoberri | E. Sanchez |
Aitorpen berezia | Oasis Living | M. Marcos eta J. Saldaña |
Enpresa ekimen berriko proiektu onena | Bizigaia | Biziola kooperatibako kideak |
Julen Saldaña ordiziarraren Oasis Living enpresa hasiberriak aitorpen berezia jaso du. Etxe hutsak birgaitu eta alokairura bideratzen dituzte. Zazpi etxebizitza egokitu dituztela eta zortzigarrena martxan dutela azaldu du Saldañak; horietako bat Ordizian bertan.
Ez da Ordiziara joan den sari bakarra; edo, Senegalera. Asier Alvarez, Izaskun Mateos eta Miriam Zabala Goierri Eskolako ikasleen Kellesensa proiektua saritu dute ekintzailetza proiektu garapen onenaren kategorian. Goierri eskolaren Lorteken eta Goiekiren babesa du sari honek. Mugikortasun arazoak dituen Aziz Ndaye gaztearentzat egokitutako bizikleta bat diseinatu, ekoitzi eta Kellera (Senegal) bidali dute. Oso proiektu berezia izan dela aitortu dute saria jasotzerakoan, eta esker oneko hitzak izan dituzte proiektua gauzatzen lagundu duten mezenas guztiei.
Gizarte-inklusioari aitortza
Maria Pereiraren Toque terapeutico proiektuak jaso du gizarte-inklusioaren alorreko saria. Zegamarrak medikuntza alternatiboa lantzen du, Reikia eta kristaloterapia bereziki. Goiekik gizarte-bazterkeria jasaten dutenen edo arriskuan daudenen ekintzailetasuna bultzatu eta saritu nahi du maila honekin.
Irukoberri enpresa ere saritu dute, izandako garapenagatik. Enpresak merkatu eta sektore dibertsifikazio prozesu sakon baten ondorioz bezero berrietara eta herrialde berrietara iritsi da, negozio eredua zabalduta.