Ibaiak babesteko lanean
Ordizia zeharkatzen duen Oria ibaira plastiko gutxiago eror dadin, 1.000 metro burdin sare ipini ditu udalak. Eguzki Talde Ekologistaren proposamenari erantzuten dio
Ibaietara plastiko gutxiago heltzeko lagungarri den burdin sarea ez da gauza berria, baina bai, Ordizia ere batu dela ibaien ertzetako barandetan burdin sarea jarri duten herrien zerrendara, Eguzki talde ekologistaren proposamenari erantzunez. Gorka Alberdi Eguzkiko kidea «oso pozik» agertu da, ingurumenaren zaintzan «urrats bat gehiago delako Ordiziak egin duena».
Azkeneko urteetan, plastikoaren erabilpenak gora egin du nabarmen, eta plastiko horrek behar duen bidea ez badu jarraitzen, arazo handi batean bilakatzen da, eta hori da gertatzen ari dena. Hori horrela, eta ingurumena zaintzeko helburuarekin, plastikoaren erabilpena murrizte aldera ere bideratuta doaz erakunde desberdinen estrategiak, Ordiziako Udala barne.
Hala, plastikoaren erabilera murrizteko kanpainak jarri dituzte martxan azken urteetan, sentsibilizazio kanpainak egin dituzte,… Egindako lan guztiak, baditu emaitzak, pixkana-pixkana gehiago dira gai hori barneratu duten herritarrak, baina gehitzen jarraitu nahi dute.
Gehitzea helburu izanda, 1.000 metro burdin sare gehitu behar zaizkie gure ibaiei. Ordiziaren kasuan, Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko zinegotziak azaldu duen moduan «herria zeharkatzen duen Oria ibaiaren tarte desberdinetan banatuta». 1.000 metro burdin sare gehiago, ibaietara eta itsasora plastiko gutxiago hel dadin.
3.800 kilo hondakin
Bestalde, azken asteetan egin duten erreka garbiketarekin, 3.800 kilo hondakin atera dituztela gehitu du. Azken urteotako kopururik baxuena da. 2019an adibidez, 8 tona atera zituzten.