Igartzak Gipuzkoako arku txapelketa antolatuko du
Beasaingo klubak izango du aurten Gipuzkoako areto barruko txapelketa antolatzeko ardura. Abenduaren 12an izango da, Antzizarren.
Igartza arku tiro kluba Gipuzkoako areto txapelketa antolatzeaz arduratuko da. Abenduaren 12an izango da, Antzizar kiroldegiko tiralekuan. Arku kurbatua, arku konposatua, arku biluzia, arku instintiboa eta longbow modalitateetan lehiatuko dira. Bakoitzean 30 geziko bi txanda jokatuko dituzte; onenek aurrera egingo dute, buruz-buruko kanporaketetara, bakarra gelditu arte; bera izango da garailea. Kurbatuan, biluzian, instintiboan eta longbow modalitateetan set-etara jokatuko dute eta konposatuan, pilatutako puntuazioan.
Izen ematea zabalik dago. Albistearen online bertsioan dagoen txantiloia bete eta hamar euroko kuota ordaindu behar da. Gehienez ere 56 tiratzaile apuntatu ahalko dira; lehen tiratzaileek izena eman dute jada. Tramiteak abenduaren 9ko 18:00ak baino lehen egin behar dira.
30. urtea
Klubarentzat urte berezia da, 30. urteurrena ospatzen dabiltzalako. Justu, Gipuzkoako txapelketaren 30. edizioa izango da.