Munduko palari onenek Olaberrian jokatuko dute urteko txapelketa gorena
Eliteko pala motzeko txapelketak mundu hamabi pilotari goren elkartuko ditu. Tartean da Sylvain Brefel, eta beste bederatzi txapeldun. Larunbatean hasiko da, eta 5ean da final handia
Olaberrian eta Goierrin palarekiko zaletasuna berpizteko erakusleihoa, munduko palari onenek irrikatzen duten txapelketa bihurtu da. Asteburu honetan hasiko da VII. Eliteko Pala Txapelketa, eta egundoko karteldegia osatzea lortu dute Olaberriko pilotari antolatzaileek. Pala motzean, munduko espezialistarik onenak elkartuko dituzte. Hainbeste izar batera beste inon batzea lortu ez dutenez, munduko txapelketa indartsuena izango dela aurreratu dute.
Dagoeneko ezaguna den egiturarekin jokatuko dute txapelketa, pala motzean eta binaka. Final-laurdenak larunbatean, eta hurrengo asteburuan finalaurrekoak eta final handia. Partida guztiak Olaberriko udal pilotalekuan dira, eta sarrera doan da. Aukera aparta izango da munduko txapeldunen jokoa bertatik bertara ikusteko, eta goierritarrei joateko gonbidapena egin diete.
Txapeldun zerrenda itzela
Olaberrian jokatzera gonbidatu dituzten hamabi pilotarietatik hamar munduko txapeldunak dira edo izanak dira. Denen artean 23 txapel dauzkate, modalitate eta adin-maila ezberdinetan. Bi profesional daude tartean.
Pala motzean munduko azken txapeldun Sylvain Brefel da aipagarrietako bat. Lau txapel ditu, eta Bilboko Innpalan profesional jokatua da; azken titulua Espainiaren izenean jokatu zuen Emiliano Skufca argentinarrari irabazi zion.
Skufca ere, beste behin, Olaberrian lehiatuko da. Eliteko txapelketaren hasieratik onartu du gonbita paleta larruz munduko txapeldun bost aldiz izan denak. Pala motzean ere erreferente da, baita Brefel ere.
«Orokorrean, denak dira maila onenekoak. Intsausti 23 urtez azpiko txapeldun izan zen urrian, Labiano bost aldiz munduko onena izana da larruz, eta Olaberrian hirutan irabazi du… Etorkizun oparoa dutenak ere badira, Maldonado adibidez, ziurrenik profesionalera jauzia egingo duena», dio Olaberriko Pilota Taldeko Gari Arrietak.
Izena eta izana lehiaketak
«Aurten, mundu osoan jokatuko den pala txapelketa onena izango da, txapeldun hauek denak inon ez baitituzte elkartu», nabarmendu dute antolatzaileek. Elkar elikatzen baitute gonbidapenek: izen handiko batzuk ekarriz gero, besteek ere jokatu nahi dute. «Dauden onenak dira».
Txapelketa esne-aparretan dago, 7. ekitaldian (iaz ez zen egin, pandemiagatik). «Gozamena da antolatzea, eta pilotarien borondatea ikusgarria da. Badakite maila gorenekoak etortzen direla, eta etorri nahi dute». Aurten, kalitatez «saltotxo bat» gora igo dutela aitortu dute olaberritarrek. Halako ikuskizunaz eta mailaz gozatzeko aholkatu diete goierritarrei, frontoira joanda.
Partiden egutegia
FINAL-LAURDENAK
Azaroak 27.
A) Mandonado (Santa Fe, Argentina)-Labiano (Iruñea) / Madariaga (Armintza)-Intsausti (Iruñea). 17:00etan.
B) Baeza (Segovia, Espainia)-Ibañez (Bilbo) / Laskoiti (Iruñea)-Etxabarren (Iruñea). 18:00etan.FINALAURREKOAK
Abenduak 3.
C) Dardenne (Baiona)-Brefel (Tolosa, Okzitania) /A irabazleak. 19:30ean.Abenduak 4.
D) Sanz (Iruñea)Skufca (Buenos Aires, Argentina) / B irabazleak. 19:00etan.FINALA
Abenduak 5. C irabazleak / D irabazleak. 12:00etan.
Tokia. Olaberriko pilotalekua.
Sarrera. Doan.