Olano harategiak irabazi du Gipuzkoako 22. Odolki Lehiaketa Ordizian
Bigarren saria Zaldibiako Beheko Harategiak irabazi du eta hirugarrena, Ordiziako Mujika harategiak
Beasaingo Olano Harategiak odolki kontuetan bere nagusitasuna berretsi du. Gaur Ordizian jokatu den Gipuzkoako 22. Odolki Lehiaketan irabazlea izan da. Jose Manuel Olanorentzat ez da Ordizian irabazten duen lehen txapela, baina lehenengoa jantzi zueneko ilusio berarekin igo da oholtza gainera. “Bosgarrena edo seigarrena izango da hau”, adierazi du irabazleak sariak jaso berritan, kazetariek galdera bota eta kalkuluak egiten hasteko denborarik eman gabe. Kontuak ateratzea ere kosta egin zaio gaurko protagonistari, baina garbi dagoena da, Goierrin behintzat, bera dela odolki kontuetan jaun eta jabe. Ordizian, azkeneko urteetan Olano izan baita irabazlea, baita Beasainen ere. Beasainen, azaro hasieran Odolkiaren kofradiak antolatzen du lehiaketa eta 8 urtetan jarraian irabazi du, baina sariketa horretan 8 baino txapela gehiago ere irabazia da. Bi horiez gain, Segurako Txepetxa elkartean egiten duten lehiaketan ere irabazlea izan zen. Eta Goierrin jokatzen den laugarren txapel bat ere irabaz dezake asteburuan, Ormaiztegiko Ander Deunaren jaien barruan egingo den odolki lehiaketan.
Sekretua, “produktua, bertakoa ahal bada eta freskoa izatea, eta ondo egitea”, nabarmendu du txapeldunak.
Bigarren saria, Zaldibia aldera joan da. Beheko Harategia izan da bigarren sari horren irabazlea. Hirugarrena, berriz, Ordiziako Mujika harategiarentzat izan da. Laugarrena, Arrasateko Jose Antonio Izagirrerentzat izan da eta bosgarrena, Beasainmendiko odolkiak.