Bizigaiak jaso du Goiekiren ekintzailetza alorreko sari potoloa
7.000 euro jasoko dituzte ekoizleak eta bezeroak saretzeko. 'Kellesensa' eta 'Toque terapeutico' proiektuak eta Irukoberri enpresa ere saritu dituzte. Oasis Livingi, aitortza
Goiekik Biziola kooperatibaren Bizigaia, Goierriko elikadura kooperatiba ekimena izendatu du urteko proiektu berritzaileena bezala. Ekoizleak eta bezeroak saretu nahi dituzte, eskari-antolatuak sortzeko; eta pertsonekiko eta lurrarekiko erres- petuzkoak diren ekoizpen ereduak ere sustatuko dituzte. 7.000 euro jasoko dituzte ideia gauzatzeko: sariaren ohiko 4.000 euroez gain Goilan Goierriko kooperatiben elkarteak beste 3.000 euro emango dizkie.
«Proiektu hau kezka batetik jaio zen: elikadura burujabetzarena», oroitu zuen Andoni Mikelarena Biziolako kideetako batek atzo, saria jasotzerakoan. «Elikadura etorkizuneko eremu estrategietako bat da», ohartarazi zuen. Adibide bat ere jarri zuten: Murumendi eskolak jangela berria izango du laster, eta janaria bertan prestatzeko aukera izango dute; «Pentsatu genuen zergatik ez urrats bat gehiago eman eta bertako produktuak erabiltzea. Bizigaiak erakutsi digu posible dela, posible dela ekoizleen eta jangelen arteko elkarlana». Biziolako hiru kidek jaso zuten saria. Baina atzean pertsona, eragile, ekoizle… «pila bat» daudela azpimarratu zuten.
Asier Lekuona Goilaneko lehendakariak eman zien saria. Kooperatiba izaera edukitzeagatik jasoko dute diru osagarria. «Enpresa bat sortzerakoan kooperatiba aukera interesgarria da. Bere filosofiagatik etekinak enpresara bideratzen dira, aberastasuna banatuz», azpimarratu zuen Maialen Sanchez Goiekiko ekintzailetza esparruko arduradunak.
Julen Saldaña ordiziarraren Oasis Living enpresa hasiberriak aipamen berezia jaso zuen. Etxe hutsak birgaitu eta alokairura bideratzen dituzte. Zazpi etxebizitza egokitu dituztela eta zortzigarrena martxan dutela azaldu zuen Saldañak; horietako bat, Ordizian bertan.
Ez da Ordiziara joan den sari bakarra. Asier Alvarez, Izaskun Mateos eta Miriam Zabala Goierri Eskolako ikasleen Kellesensa proiektua saritu zuten ekintzailetza proiektu garapen onenaren kategorian. Goierri Eskolaren, Lorteken eta Goiekiren babesa du sari honek. Mugikortasun arazoak dituen Aziz Ndaye gaztearentzat egokitutako triziklo bat diseinatu, ekoitzi eta Kellera (Senegal) bidali dute. Oso proiektu berezia izan dela aitortu zuten ikasleek saria jasotzerakoan eta esker oneko hitzak izan zituzten proiektua gauzatzen lagundu dieten mezenas guztientzat.
Gizarte-inklusioari, saria
Maria Pereiraren Toque terapeutico proiektuak jaso du gizarte-inklusioaren alorreko saria. Zegamarrak medikuntza alternatiboa lantzen du, Reikia eta kristaloterapia bereziki. Goiekik gizarte-bazterkeria jasaten dutenen edo arriskuan daudenen ekintzailetasuna bultzatu eta saritu nahi du maila honekin.
Irukoberri enpresa ere saritu dute, izandako garapenagatik. Enpresak merkatu eta sektore dibertsifikazio prozesu sakon baten ondorioz bezero berrietara eta herrialde berrietara iritsi da, negozio eredua zabalduta. Eduardo Sanchezek jaso zuen saria.