Dendetan, euskaraz lehen hitza
Beasaingo eta Lazkaoko udalek bat egin dute merkataritzan euskaraz aritzeko kanpainarekin. Euskara konfiantzarekin lotu nahi dute
Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina abian da. 60 udalek baino gehiagok bat egin dute ekimenarekin. Beasaingoak eta Lazkaokoak, tartean. Helburua merkataritzan euskararen erabilera areagotzea da. Saltokiei euren produktuak euskaraz eskaintzeko deia egin diete, eta bezeroei euskaraz eskatzekoa.
Euskara konfiantzarekin lotu nahi dute. “Tokiko merkataritzak berezko duen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko harremana sortzen du. Era berean, harreman horrek kalitatearekin lotura dauka, bai produktuarena eta baita harremanarena ere”, diote.
Jarri betikoa esaldiarekin laburbildu dute ideia, hurbiltasuna eta lotura iradokitzen dituelako. Esaldiari spot baten forma eman diote eta hori da kanpainaren ardatza: Spotak biloba eta amona bat irudikatzen ditu egunerokoan. Amonak bilobari erosketak egitera ateratzeko eskatzen dio eta erosi beharrekoen zerrenda bat aipatzen dio. Hainbeste dira amonak emandako jarraipenak, bilobak zer erosi behar duen ahazten duela okindegira iristean. Okinak baina, amona ezagutzen du eta bilobak ezer eskatu gabe “betikoa” eskaintzen dio. Spotak islatzen duen egoera hau bezeroaren eta merkatariaren arteko eguneroko harremanetik sortzen den konfiantzaren isla da. Eta horrekin batera, norbera bere hizkuntzan artatua izatea konfiantza hori eraikitzeko bidea dela.
Spotaren zabalkundearekin batera, udalen elkarlanak garrantzi berezia dauka aurtengo edizioan. Merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina era autonomoan edo isolatuan egin beharrean, modu bateratuan egitearen aldeko izan dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal ordezkariak. Hala, datozen urteei begira, kanpaina denboran iraunkorra eta bateratua izan dadin adostu da denen artean.