Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunarekin bat egin du Idiazabalgo Udalak
Indarkeria bikarioaren errealitatea "agerian jartzen eta behar bezala artzatzen" laguntzeko eta adingabeak babesteko prozesuak adosteko konpromisoa hartu du.
Idiazabalgo Udalak bat egin du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunak biltzen dituen salaketekin, eta adierazpen instituzionala argitaratu du. Indarkeria bikarioa hartu du abiapuntu, “emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia mota”, alegia. “Azken lege aldaketek dagoeneko jasotzen dute figura hori, biktima adingabeak babesteko neurriak sortzeari eta hedatzeari dagokionez. Hala ere, oraindik beharrezkoa da genero-indarkeria ukatzen duten, kasu horietan seme-alaben arriskua gutxiesten duten eta indarkeria horri aurre egiteko tresna juridikoak zalantzen jartzen dituzten diskurtsoen eta jarreren aurka ohartaraztea”.
Emakumeen aurkako indarkeria seme-alaben bidez sistematikoki burutzeko modu horren aurrean, euskal erakundeek duten erantzukizuna azpimarratu du, “kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, egiturazko desberdintasun-egoera bati erantzuten diotela, eta egoera horri ikuspegi feministatik heldu behar zaiola”.
Horrela, erantzukizun horri erantzuna emateko konpromisoa hartu du udalak, bost zeregin zehaztuta: indarkeria bikarioaren errealitatea agerian jartzen eta behar bezala artatzen laguntzea; indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea, “udal zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan eta emakumeek bere ardurapean dituzten adingabeekin eta kaltetutako beste pertsona batzuekin behar dituzten beharrei eta baldintzei erantzutea”; indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko esku-hartze prozesuak adostea; neurri guztien erdigunean biktimen eskubideak eta haien ahalduntzea erdigunean jartzea, “laguntza integrala ematen laguntzea, prozedura judizialarekin duten inplikazio- edo lankidetza-maila edozein dela ere”; eta lanean jarraitzea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurka. Gizarte osoaren inplikazioa ere aipatu du. “Herri-itun bat lortzeko, herritar guztien jarrera aktiboa behar dugulako indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortzeko”.