"Euskal Herria feminista eta justu" baten aldeko aldarrikapena egin du Segurako Udalak
Horren alde lan egiteko konpromisoa hartu du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguneko adierazpen instituzionalean.
Segurako Udalak ere bat egin du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguneko salaketekin. Udalak argitaratutako adierazpen instituzionalean erakundeen inplikazioa eskatu du, eta Euskal Herri feminista lortzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du. “Indarkeria guzti hori sortzen eta mantentzen laguntzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna, herritarrengandik gertuen dauden erakunde publikook horren kontra borroka egiteko konpromisoak hartzekoa ere bada”.
Egun bakarrean gertatzen den zerbait izatetik harago, une oro emakume guztiek eta salbuespenik gabe jasaten duten egiturazko indarkeria denez, “egun seinalatu honetan ahotsak altxatzen baldin baditugu ere, egunerokotasunean jardun behar dugu indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioan, kontzientziazioan, sentsibilizazioan, ezagutzan, identifikazioan, arretan, laguntzan eta justizian lanean”, adierazi dute. Errealitate horri aurre egitea gizarte osoari dagokiola azpimarratu dute, “baita erakundeoi ere”, eta zenbait konpromiso hartu dituzte horri erantzuna emateko. “Nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista eta justu baten aldeko aldarrikapena”. Hauek dira Segurako Udalak zehaztutako konpromisoak:
- Indarkeria matxistaren errealitate anitzei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren programa, neurriak edo zerbitzuak martxan jartzea edota indartzea.
- 2022ko aurrekontuetan arlo horietara bideratutako partidetan murrizketarik ez egitea eta beharrezkoak diren partidak handitzea.
- Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzea emakume eta gizonen arteko berdintasun alorreko aurrekontu partidak handitzea, berdintasun zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indartzeko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.
- Herriko norbanako zein talde feministarekin elkarlanean, herrian indarkeria matxistak dauden kasuetarako protokoloa diseinatzea.
- Udaleko langile eta ordezkariek berdintasunari buruzko prestakuntza jaso dezaten bultzatzea.
- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jarduerak antolatzen jarraitzea: autodefentsa feminista, bikote harreman eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitatea…
- Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak hautematen eta esku-hartze goiztiarra egiten laguntzea udal zerbitzuen bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan.
- Nerabeei eta gazteei zuzendutako formazio jarduerak egiten jarraitzea emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko.
- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko egungo egoerari egokitutako jarduerak martxan jartzea.
- Segurako Udalak borroka feministaren alde hartutako konpromisoa berrestea, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.