Indarkeria matxistaren aurkako aldarriek Ordizia hartu dute
'Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez' lemapean manifestazioa egin dute Ordizian, Kimetzek elkarteak deituta. Ondoren, ekitaldia egin dute Plaza Nagusian. Herriko ikastetxeek, Ordizia Kolorek eta Udalak ere parte hartu dute.
Emakumeek emakume izateagatik pairatzen duten indarkeria gizarteratzeko eguna da gaur, indarkeria matxistari ez esateko eguna; Azaroak 25 da gaur, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Osasun larrialdia zela eta, iaz etena egin zen, eta bertan behera geratu ziren egun honetarako antolatutako mobilizazioak, baina aurten ez dute hutsik egin. Kimetz Emakumeen Elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin dute goizean Ordizian. Herriko eskola desberdinetako ikasleek parte hartu dute. Kimetzeko kidea den Belen Balerdik berak esan duen moduan, “gazte-gaztetatik berdintasunean haztea behar-beharrezkoa delako”. Hiri Hezitzailea programaren testuinguruan ere kokatu du gaurko mobilizazioa.
Altamiratik abiatu da manifestazioa, 11:15ean, eta Emakumeen aurkako indarkeria gehiagorik ez leloa irakur zitekeen pankartaren atzean, hamarnaka neska-mutiko, Kimetzeko kideak, Ordizia Koloreko kideak eta Ordiziako Udaleko ordezkariak.
Plaza Nagusira iritsi eta bertan, ekitaldia egin dute. Kimetzeko ordezkariak hartu du hitza. Gizartea sentsibilizatzeko eta konpromisoa sustatzeko garrantzia nabarmendu du, baita ere, taldean “aski da!” esateko elkartu direla. Gaurko giza kateak, gizarte osoak baina bereziki gazteenek gaiaren inguruko “hausnarketa sakona eta aurrerantzean ere indarkeria desagerrarazteko urratsak egiteko helburua” dakarrela adierazi du.
Emakumeenganako indarkeriak utzitako hainbat datu ere eman ditu: “Bost adingabetik bati eragiten dio sexu-indarkeriak, Europako Kontseiluak kalkulatu duenez. Espainian, nesken % 23k abusuak edo bortxaketak jasan ditu, Salamancako Unibertsitatearen arabera. Euskadin, indarkeriak 1.500 adingaberi eragiten die. 10 biktimatik 4k, 10 urte baino gutxiago zituen, eta %54 neskak ziren. Biktimen %70 eta %85 artean, erasotzailea ezagutzen dute, eta %55an behin baino gehiagotan behartu dituzte. Tratu txarrak jasan zituzten 65 urtetik gorako emakumeen erdiek, lau hamarkada jasan zituzten tratu txarrak. Euskadin, 4.781 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa genero-indarkeria jasan ondoren. Gipuzkoan 1689”. Datuok eskuan eskatu du “beste aldera ez begiratzea”.
Belen Balerdik irakurri duen adierazpenaren ondoren, Aitana Cabidok, gitarrarekin lagunduta abesti bat kantatu du. Jarraian, Kimetzeko kideek, indarkeria matxistaren aurkako mezuak irakurri dituzte. Ekitaldiari amaiera emateko, bi minutuko isilunea egin dute. Arratsaldean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbita ere egin dute.